Teknologia albisteak

Atzerrian ere zure film-katalogoa ikusteko aukera, hemendik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-04-27 : 09:45

Orain arte, zure herrialdean kontratatuta zenituen zerbitzuak (dela Netflix, HBO, Canal+, Amazon Prime, Eurosport, Sky edo dena delakoa) ezin zenituen erabili atzerrian. Bidai batean beste herrialde batera joanez gero, batzuetan zerbitzua aldatu egiten zen, beste batzuetan katalogoa, edo hizkuntza,... Hemendik aurrera, Europako legedia aldatu denez, norbere etxean bezala jarraitu ahalko dugu kontratatutako zerbitzuak erabiltzen, inolako mugarik gabe.

Europar Batasunak ikusentzunezkoen legea aldatu du eta orain arteko mugak ezabatu ditu. 2018ko apiriletik aurrera, herrialde batetik bestera igarotzean, ez duzu ezer nabarituko zure harpidetzetan. Kontratatuta dituzun ikusentzunezkoen zerbitzuak (filmak, kirola, bideojokoak, liburu digitalak,...) berdin-berdin erabili ahalko dituzu Europar Batsuneko 28 herrialdeetan. 

Orain arte ez zen horrela. Kasuan kasuan, produktuen katalogoa aldatu egiten zen, edo hizkuntza aldatzen zen, edo zenbait zerbitzu ezin ziren erabili ere egin kontratatutako estatutik kanpo. Orain hori guztiori aldatu egin da eta etxean bezala jarraitu ahalko dituzu erabiltzen zure zerbitzuak Europa osoan barrena. 

Aldaketa honek ikusentzunezko industriaren oztopoa izan du, baina legeak aurrera jarraitu du bere bidea. Roaminga kendu zuten, hainbat urteko borrokaren ostean, eta orain beste muga hau ere ezabatuta geratu da. Roamingaren kasuan bezala, hemen ere "denboraldi baterako" bidaiatzen dugunerako balio du honek. Ezin dena egin da, zerbitzu batzuk beste herrialde batean kontratatu merkeagoak direlako (esate baterako, Sky edo Spotify Errumanian edo Polonian kontratatu), gero Euskal Herritik ikusteko.

Hurrengo urratsa telebista zerbitzuena eta doako harpidetzena izango omen da. Merkatu horretan ere mugak daude, eta norbere herrialdeko telebistarik ezin da ikusi gailu mugikor eta aplikazioen bidez beste herrialde batzuetan. Izan ere, telebistako saio, telesail, kirol-emankizun eta filmen lizentziak herrialdeka negoziatzen dira eta, hortaz, telebista ikusteko aplikazioek muga territorialak dituztek. Bada, gutxinaka hor ere batasunerantz joko omen du Europak.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago