Teknologia albisteak

Aste honetan agur esango diogu Europa barruko roaming-ari

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-06-12 : 12:30

Roaming-a deitzen zaio, norbere herrialdetik kanpo telefonoa erabiltzean ordaintzen den sari gehigarriari. Ingelesezko to roam aditzetik sortutako terminoa da (to roam, harat-honat ibiltzea, nora ezean, alderrai). Bada, datorren ostegunetik aurrera (ekainak 15) ez dugu horrelakorik ordaindu beharko Europar Batasunaren barruan. Jatorrizko herrialdean daukazun tarifa berbera aplikatuko zaizu atzerrian ere, izan deietan, SMS mezuetan zein datuen erabileran. Hona hemen roamingoaren bukaeraz erabiltzaileok jakin beharrekoa.

Azkenean heldu da eguna. Datorren ostegunean, ekainaren 15ean, bukatuko da Europako herrialdeetan telefonoa erabiltzearren ordaintzen dugun roaminga. Hemendik aurrera, Europar Batasuneko edozein herrialdetan erabili ahalko dugu gure mugikorra, etxean bezala, horretarako gehiago ordaindu gabe. Kostatu da, hala ere, Europako erabiltzaileen aldarrikapen historikoa baita aste honetan gauzatuko dena. 10 urte baino gehiago roaming-aren amaiera eskatzen, eta azken orduko hiru atzerapen, gutxienez, azken urteotan.

Hala ere, esan bezala, datorren ostegunean gertatuko da aldaketa, eta Europar Batasuneko 28 herrialdeetan aplikatuko da, Erresuma Batua barne (Brexita gauzatu arte, bederen; gero, ezin jakin). Gainera, laster batean, beste 3 herrialdetara ere luzatuko da araudi berri hau: Islandia, Norvegia eta Liechtensteinera. Gainontzeko herrialdeen kasuan, ez da aldaketarik izango, nahiz eta konpainia batzuek beste herrialde batzuetan ere dagoeneko ez duten aplikatzen roaming-ik. 

Erabiltzaileok ez dugu ezertxo ere egin beharko araudi berriaren abantailak aprobetxatzeko. Ekainaren 15etik aurrera, zure telefono konpainiak ez dizu roaming edo sari gehigarririk aplikatuko telefonoa atzerrian erabiltzearren. Orain daukazun tarifa berbera aplikatuko dizu etxean zein Laponian. Zure konpainiak mezu bat bidali beharko lizuke honetaz guztiaz informatzen datozen egunotan.

Telefono deietaz gain, arau berria berdin-berdin aplikatzen zaie datuen erabilerari eta SMS mezuei.

Adi hala ere, zenbait muga izango direlako

Arau berriak, hala ere, baditu zenbait muga. Hasteko, datuen erabilerak muga batzuk izan ditzake atzerrian. Muga horiek (erabili daitekeen datu-kopuru maximoa) kontratatutako tarifaren araberakoa izango dira (ordaintzen duzunaren eta kontratatuta duzun Gb kopuruaren araberakoa). Kasu bakoitzean, konpainiak abixatu egin behar digu erabiltzaileoi, esanez ea atzerrian Gb mugaren bat dugun, eta hala bada, muga hori zein den. Arau nagusia hauxe da: zure tarifa (BEZ gabe) zatitu kontratatutako gigekin. Emaitza 3,85 baino handiagoa bada, ez daukazu mugarik; bestela, bai. Hala ere, esan bezala, konpainiek informazio hori banatu behar digute erabiltzaileoi.

Atzerrian egiten diren egonaldien iraupenean ere mugak daude "arrazoizko erabilera" gainditzen bada (hala dio legeak, "arrazoizko erabilera"). Hau da, telefonoa ezingo duzu erabili gehiago atzerrian etxean baino. Konpainiak ikusten badu lau hilabetetan zehar telefonoa gehiago erabili duzula atzerrian etxean baino, sari berriak kobratzeko eskubidea izango du. Horrekin saihestu nahi da, erabiltzaileek atzerriko konpainia merkeekin kontratatzea euren telefonoa. 

Gainera, beste muga eta salbuespen batzuk ere badira, besteak beste, itsas-kruzeroak egiten ari zarenerako, mugan bizi diren herritarrentzat, eta abar. Badaezpada, horrelako xehetasunak norbere konpainiarekin argitzea aholkatzen da.

Gogoan izan, bestalde, aldaketa hau bakar-bakarrik kontratupeko telefonoetan aplikatuko dela; ez, ordea, aurreordainketako telefonoetan (horietan, kontratuan azaltzen diren baldintzak begiratu beharko dira).

Prezioak igoko dira?

Roamingaren amaierak ondorioak izango ditu konpainiak lortzen dituzten diru-sarreretan, noski. Orain, arriskuetako bat da, konpainiek euren tarifak garestitzea, orain arteko diru-sarrerak bermatzeko. Egoera hori errealagoa izan daiteke, gainera, turismo handia daukaten herrialdeetan (Espainia, Italia eta Frantzia, bereziki), kanpoko bisitarien kostu gehigarria herrialde horietako konpainiek jasan beharko baitute. 

Ezin jakin, aldez aurretik, hori gertatuko den ala ez. Badira igoera aurreikusten duten ikerketak, baina baita aurkakoa diotenak ere. Itxaron egin beharko dugu, eta ea datozen asteetan norantz doazen konpainiak. 

Bitartean, erabiltzaileontzat, askatasun garai berria hasiko da. Akabo megak neurtzen ibiltzea; akabo wifiaren bila zoroen pare jardutea. Bukatu da roaminga! 

.............

Argazkia: Rankia.com.

Erantzun

Sartu