Teknologia albisteak

Flickr argazki-zerbitzu ezaguna SmugMug-en eskuetara igaro da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-04-25 : 09:40

Argazkiak gorde, antolatu eta erakusteko zerbitzu ezaguna da Flickr. Garai batean oso arrakastatsua, azkenaldian gainbehera zebilen, sare sozialak indartu ahala Flickrek ez zuelako lortu "sare" izaera hori. Azken urteotan Yahooren esku egon ondoren, SmugMugen eskuetara igaro da aste honetan. 

2004. urtean jaio zen Flickr. Garai hartan ez zen existitzen sare sozialik, ez zegoen Youtuberik, argazkilaritza digitala jaioberria zen, sareko konexioak oraindik halamoduzkoak ziren,... eta argazkiak sareratzea ez zen gauzarik errazena. Blog-plataforma askotan ere ezinezkoa zen argazkiak bertan zuzenean gehitzea. Eta orduan jaio zen Flickr, argazkiak sareratu, artxibatu, etiketatu, partekatu eta, azken batean, erakusteko gune bat. 2004. urte hartan sekulako berritasuna izan zen Interneten, eta Flickrek berehala lortu zuen arrakasta. 

Bere urterik onenetan lortu zituen datuak izugarriak izan ziren: ia 100 milioi erabiltzaile, egunero 3-4 milioi argazki berri igotzen ziren plataformara, guztira 6.000 milioi argazki datu-basean... Baina Flickr-ek ez zuen jakin garai berrietara egokitzen. Edo jakin bai, baina lortu ez. Azken urteotan, sare sozialen indartzearekin, eta argazkiak sareratzeko aukerak nahi adina direnean, Flickr-ek indarra galdu du. Beharbada sare sozial izaera hori lortu ez duelako, baina Flickren eragina nabarmen jaitsi da. Azkenaldian izan dira zenbait saiakera erreminta berrindartzeko (kontuen espazioa handitu zuten, argazkiak erakusteko modua aldatu, partekatze aukerak zabaldu,...), baina Flickr ez da garai bateko hura. 

Hala ere, oraindik ere argazkiak gordetzeko plataformarik ezagunenetakoa dugu Flickr. Vancouverreko Ludicorp konpainiak sortua, atzen 13 urteotan Yahooren jabetzakoa izan da (2005etik bere jabetzakoa; 2007tik bere zerbitzuan erabat integratuta; 2017tik aurrera, Verizonen jabegokoa da Yahoo bera). Aste honetan iragarri dute, hemendik aurrera SmugMug-en esku egongo dela, alderdi grafikoa eta storytellinga lantzen duen enpresa.

Erabiltzaileei epostaz jakinarazi dietenez, hasiera batean ez da ezer aldatuko Flickren ezarpen eta baldintzetan. Hala ere, hilabeteko epea eman zaie erabiltzaileei kontua ezabatzeko, ez badute nahi euren edukia SmugMugen eskuetara igarotzea.

 

Erantzun

Sartu