Teknologia albisteak

Spotify ere bere produktua garatzekotan, bozgorailu adimendunen borrokan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-02-21 : 14:23

Spotifyk azken orduetan egindako lan-deialdi batek sortu du zurrumurrua. Hardware produktu baten garapena gidatzeko arduradun baten bila omen dabil Spotify, eta berehala sortu da susmoa, ea Spotify bera ere bozgorailu adimendunen bat garatu nahian ari ote den, orain arte Apple, Amazon eta Google ari diren moduan. 

Musika entzuteko plataforma ezagun eta arrakastatsuena da Spotify, 2008an Suedian sortutako zerbitzua. Orain arte ez du bere hardwarerik komertzializatu; aplikazio moduan erabili izan dugu, ordenagailuan ere bai, beste bozgorailu adimendun batzuekin integratuta (Amazon Echo, adibidez), ChromeCast bidez telebistan,... baita BMW ibilgailu batzuetan edo PS4an zuzenean integratuta ere. Bada, badirudi, bere produktua ekoiztekotan ari direla, ziurrenik bozgorailu adimendun bat, giro teknofiloan zabaldu diren zurrumurruek diotenez.  

Duela egun batzuk Spotifyk atera duen lan-deialdiak piztu du interesa: hardwarea ekoizteko arduradun bila dabil konpainia. Ekoizpen-prozesua abiatzekotan dagoela ematen du, beraz. Iaz ere aurreratu zuten Amazon Echo edo antzeko bozgorailuren bat sortzeko asmoa zutela, eta badirudi dagoeneko azken fasean dagoela.

Hortaz, badirudi laster ikusiko dugula beste lehiakide bat (lehiakide ahaltsu bat, gainera) bozgorailu adimendunen deman, une honetan teknologia berrien arloan bizi-bizi dagoen Tronuen Deman. Borrokak, aliantzak, traizioak... presta gaitezen odola eta dragoiak ikusteko ere!

 

...............

Irudia: Downloadsourcefr (Flickr)

Erantzun

Sartu