Teknologia albisteak

Falcon Heavy suziriaren jaurtiketa arrakastatsua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-02-07 : 12:39

Atzo aurreratu genuen bezala, egun handia izan zen atzokoa "espazioaren konkistan". Azken 50 urteotan espaziora bidali den espaziontzirik handiena jaurti zuten Kañaberal lurmuturretik, Falcon Heavy izenekoa. Lehenengo ahalegina besterik ez zen izan, baina arrakastaz burutu ahal izan zuten SpaceX enpresako ingeniariek. 

"Munduko espaziontzirik ahaltsuena" espazioratzea zen atzoko erronka. Proba bat besterik ez, oker irteteko aukera asko izan zituena, baina datozen urteotako "espazioko lasterketan" giltzarri izan zitekeena. Izan ere, Falcon Heavy espaziontzia gaur egungo beste edozein suziri baino askoz ahaltsuagoa da, beste edozein suzirik baino askoz karga gehiago eraman dezake espaziora (edo ilargira, edo Martera...), eta gainera "merkea" da beste modelo batzuekin alderatuta. Marten base iraunkor bat instalatzeko eta gizakiak bertaraino bidaltzeko erronkan giltzarri izan daiteke Falcon Heavy (edo antzeko espaziontziren bat). 

Atzoko saiakera gaizki irten zitekeela aurreikusten zuten arduradunek, baina ez, ez zen gaizki irten. Arrakastatsua izan zen espazioratzea. Espaziontzia orbitan jarri zuten (Tesla auto bat barruan zuela), eta propultsiorako erabilitako 3 suzirietatik bi berreskuratu zituzten (suziri berrerabilgarriak diseinatu ditu SpaceX-ek, eta horixe da arrakastaren beste gakoetako bat). Ikusgarria da ikustea nola itzultzen diren 2 suziri osagarriak lurrazalera, eta nola hartzen duten lurra aldi berean. 

Prozesu guztia zuzenean jarraitu ahal izan zen, Youtuben eta sare sozialetan, batez ere Twitterren, Elon Musken eta SpaceX-en kontuetan. Hemen atzoko saiakeraren laburpen bideoa.

 

Erantzun

Sartu