Teknologia albisteak

Audioliburuak eskaintzen hasi da Google. Android, iOS eta Home gailuentzat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-01-24 : 12:12

Googlek atzo iragarri zuen bere azkenengo eskaintza. Ehunka audioliburu jarri ditu eskuragarri PlayStore plataforman, gailu gehienentzat eskuragarri: Android, iOS eta Google Home bozgorailuentzat. Dagoeneko 45 herrialdetan dago eskuragarri eta 9 hizkuntzatako liburuekin (tartean ingelesa, gaztelania eta frantsesa).

Orain arte pelikulak, musika eta ebookak eskaintzen zituen moduan, hemendik aurrera audioliburuak ere eskainiko ditu Googlek bere PlayStore plataforman, atzo iragarri zuenez. Android eta iOS gailuetan entzun ahalko dira liburuok, eta baita Google Home bozgorailu adimendunetan ere. Azken horiek sustatzeko estrategietako bat dela ematen du, gainera.

Amazonek ezarritako eredutik aldenduz, liburuak lortzeko ez da beharko harpidetzarik; audioliburuak banaka erosi ahalko dira; eskaintzak eta beherapenak ere iragarri ditu Googlek. 

Eman dituzten azalpenen arabera, irakurketa hainbat gailutan sinkronizatzeko aukera izango da Google Assistant-i esker: smartphonean hasi, etxeko bozgorailuan segi, kotxean lanerako bidean jarraitu,... Audioliburuen irakurketa-abiadura zehazteko aukera ere egongo da eta tenporizadore bat ere badauka, ohean liburua entzuten ari zarela, irakurketa automatikoki geratzeko. Erreminta ahotsaren bidez kontrolatu ahalko da oso-osorik Assistant horri esker; hori bai, oraingoz ingelesez.

Liburuen eskaintza, ordea, 9 hizkuntzatan dago hasiera batean. Alderdi horretaz ez dute eman xehetasun handirik oraingoz.

Audio-liburuen inguruko azalpen gehigarriak Googleren blogean.

 

...............

Argazkia: Thebalance.com.

Erantzun

Sartu