Teknologia albisteak

Itsas azpiko beste 3 superkable instalatuko ditu Googlek datozen 2 urteotan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-01-20 : 10:09

Duela egun batzuk aipatu genuen nola Interneteko konexioak hobetzeko kable superbizkor bat instalatuko duten Mediterraneoan barrena, Euskal Herria eta Israel lotuz. Googlek ere aste honetan iragarri du datozen 2 urteetan instalatuko dituen superkableen proiektua. Une honetan, Interneteko konpainia handienen artean, kable superbizkor hauetan jarri dute arreta, azpiegituren kontrola izateak nagusitasuna ematen baitie Google, Amazon, Microsoft, Facebook edo telekomunikazio-konpainia handienei.

Gero eta Internet-erabiltzaile gehiago gara munduan; eta gero eta premia handiagoak ditugu sarean, bideojokoetan aritzeko, ikusentzunezkoak kontsumitzeko, edozein zerbitzu erabiltzeko. Hori dela eta, azpiegiturak sendotzea erabat beharrezkoa da konpainia handientzat, eta baita azpiegitura horiek kontrolatzea ere, beste konpainia batzuen menpe egon beharrean. 

Asmo horien berri eman du Googlek aste honetan. Besteak beste, esan du 2018an bost data-center handi eraikiko dituela hiru kontinentetan (Herbehereetan, Canadan, Finlandian, AEBen eta Hong Kongen), eta ondoren itsas azpiko superkableak instalatzen hasiko dela. Aurreratu dutenez, gutxienez 3 instalatuko dituzte 2019rako.

Curie izendatu dute Txile eta Los Angeles artean instalatuko dutena; telefono-konpainia batena ez den lehenengo kable interkontinentala izango da. Beste kable superbizkor batek AEB eta Danimarka lotuko ditu (Havfrue izena eman diote). Hirugarrenak, berriz, HK-G izenez bataiatuak, Asia eta Australia inguruak konektatuko ditu, inguru hartako komunikazioa izugarri hobetuz.

Asmo berri hauei esker gure azpiegitura - munduko handiena eta munduko trafiko osoaren %25 dena - izugarri hobetuko dugu", adierazi dute Googletik. "Azpiegitura berriekin gure erabiltzaileek eskatzen diguten abiadura eta fidagarritasuna eskaini nahi dugu". 

 

..................

Argazkia: Archdaily.

Erantzun

Sartu