Teknologia albisteak

Segurtasun zulo garrantzitsua Intel prozesatzaileetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-01-04 : 10:33

The Register-ek filtratu zuen herenegun albistea, eta mundu osoan sortu duen zalapartaren ondorioz Intelek berak ere onartu eta prentsa-ohar bat argitaratu berri du. Azken hamarkadan fabrikatu diren Intel eta beste marka batzuetako prozesatzaileetan segurtasun zulo handi bat aurkitu dute. Milioika ordenagailu partxeatu beharko dira crackerren erasoak saihesteko, zulo horri esker munduko ordenagailu gehienetara sartzeko aukera daukatelako, gure pasahitz eta informazio guztia bereganatuz, eta gure ordenagailuak zernahitarako erabiltzeko aukera ematen dietelako erasotzaileei. Historiako segurtasun-arazo handienetako baten aurrean gaude. 

Intelek emandako informazioa oraindik ere nabar samarra den arren, mundu osoko milioika ordenagailutan legoke arazoa. Izan ere, prozesatzaileak fabrikatzen dituen marka handienetakoa da Intel, eta azken hamarkadan fabrikatu dituen chip guztietan legoke segurtasun-arazo larri hori. Baita beste marka batzuetako sistemetan ere bai.

Funtsean, badirudi prozesatzailearen diseinuan zulo bat dagoela, eta zulo horri esker erasotzaile batek gure Kernel memoriako informazio babestua irakurri dezakeela. Kasurik "onenean" crackerrek gure ordenagailuak nahieran erabiltzeko aukera daukate; txarrenean, gure pasahitzak lortu ditzakete eta aplikazioen katxeetara ere sar daitezke. Arazoa Intel x86-64 hardwarean dagoenez, edozein sistema eragiletako ordenagailuetan dauka eragina, izan Linux, Windows edo MacOS.

PC arruntei ez ezik, sareko sistema erraldoiei ere eragiten die (Amazon EC2, Microsoft Azure, Google Compute Engine,...). Konpainia handiak hasi dira dagoeneko euren zerbitzuen etenak iragartzen, sistemak partxeatu eta berrabiarazteko.

Konponbidea: zer, noiz eta nola

Sistema Eragileetako teknikariak ziztu bizian hasi dira konponbidea bilatu nahian. Linux komunitatean, esate baterako, hasi dira jada partxeak zabaltzen. Windowsek datorren asterako iragarri du eguneraketa eta partxe handi bat, baina dagoeneko argitaratu du larrialdiko eguneraketa bat. Windows 10 baduzu, automatikoki instalatuko da gaur bertan; Windows 7 eta 8 baduzu, ezarpenetara joan eta eskuz eguneratu beharko duzu sistema eragilea. Apple ordenagailuetan ere antzeko eguneraketak instalatu beharko dira. Bestalde, Googlek esan du azkenengo Android bertsioa duten telefonoek ez daukatela arazorik; Google Home eta Chromecast gailuek ere ez. 

Hortaz, ondo bidean, gure ordenagailuetan daukagun zulo hori "ixteko" aukera izango dugu. Okerrena da, partxe horrek Intel prozesatzaileen errendimendua makalduko duela. Lehenengo datuen arabera, gure ordenagailuen CPUak %5-%30 mantsoagoak izan daitezke eguneraketaren ostean.

 

Erantzun

Sartu