Teknologia albisteak

Borraska sakonak izendatzen hasi dira Aemet, MéteoFrance eta IMPA. "Ana" izan da lehenengoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-12-12 : 12:53

Espainiako, Frantziako eta Portugalgo meteorologia zerbitzuek iragarri dutenez, hemendik aurrera borraska edo behe presio sakonak izendatzen hasiko dira, munduko beste lurralde batzuetan zikloi edota urakanekin egiten den bezalatsu. Erabakia hartu (abenduaren 7an) eta berehala jarri dute martxan protokolo berria: Ana izan da erabaki honen ondorioz bataiatu duten lehenengo borraska, gure ingurura heldu den lehenengo ekaitz "izenduna", hartara. Segida historikoko aurrenekoa, Ana.

Aspaldi-aspaldikoa da ekaitz, borraska sakon eta zikloiak izendatzeko ohitura. 1887an egin zen lehenengoz Estatu Batuetan, eta harrezkero beste hainbat tokitara ere zabaldu da. Karibe inguruan agertzen diren urakanen kasuan oso ohituta gaude horrelako izendapenetara (Irma, Harvey eta Jose ezagunak izan ditugu aurten bertan, esate baterako). Ez, ordea, gure inguruko borraskak izendatzera. Bada, joan zen astean  erabaki zuten, Portugal, Espainia eta Frantziako meteorologia zerbitzuek, euren lurraldeetara iristen diren borraska edo behe presio sakonak izendatzen hasiko direla. Duela 2 urte Irlandan eta Erresuma Batuan hasitako protokoloari jarraipena emango diote, beraz. 

Ez da edozein depresio edo borraska izendatuko, ordea. Kalteak ekarri ditzaketen edo alerta meteorologikoren bat sortarazi dezaketen ekaitz sakonak bakarrik izendatuko dira, dagoeneko zehaztuta dagoen izen-zerrenda jarraituz. Besteak beste, Ana, Felix, Nuno edo Vasco sortu daitezke 2017-2018 negualdian zehar.

Depresio hori iparraldetik badator, eta dagoeneko UK eta Irlandako zerbitzuek izendatu badute, bere horretan mantenduko da, hango zerbitzuek emandako izenarekin. Bestalde, urakan baten ondorengo bada, urakanaren izena gordeko da, aurretik ex- aurrizkia erantsiz. 

Protokolo berri honen helburu nagusia da, herritarren artean arreta handiagoa lortzea. Izan ere, jakina da, herritarrek hobeto jarraitzen dituztela administrazioaren aholkuak baldin eta ekaitzek izena badute. Horrela, komunikazioa hobetu nahi da, eta borraskek sortzen dituzten kalteak murriztu.

 
 

Erantzun

Sartu