Teknologia albisteak

SMS mezuek 25 urte bete dituzte

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-12-04 : 09:35

Telefonoetako testu mezuek (SMS, Short Message Service) 25 urte bete dituzte atzo bertan. 1992ko abenduaren 3an bidali zuten lehenengo probako testu-mezua. Garai batean oso erabilia, WhatsApp eta Telegramen belaunaldiak apenas erabiltzen duen SMSrik. Hala ere, gaur egungo zerbitzuak ere jatorrizko SMS haien oinordeko dira.

Neil Papworth izeneko ingeniariarena da ohorea. Berak bidali zuen aurrenekoz, ordenagailu batetik, probako lehenengo SMS mezua. "Gabon Zoriontsuak" zioen lehenbiziko mezu hark, eta Vodafone enpresako buruetako bati bidali zion. 

Hasierako proba haren ostean, hala ere, zenbait urte behar izan ziren SMS mezuak erabat estandarizatzeko. Nokia izan zen SMSak jaso eta bidaltzean "pi-ri-pi" soinutxoa gehitu zuen lehenengo konpainia, 1993an, eta Radiolinja enpresa finlandiarra izan zen bere erabiltzaileei aukera hori eskaini zien lehenengoa. 

SMS sarearen definizioa urte batzuk lehenagokoa da, 1985ean definitu baitzen GSMan eta orduan zehaztu baitzen bere karaktere kopuru maximoa (160 karaktere), urte batzuk geroago Twitterreko mezuen 140 karaktereen muga ekarriko zuena. Komunikazio protokolo estandarizatuak erabiliz telefono mugikorren artean testu-mezu laburrak bidaltzea ahalbidetzen du.

SMSen kontua oso praktikoa izan arren, denboratxoa behar izan zuen erabat zabaltzeko. Batetik, enpresek urteak behar izan zituztelako teknologia hori bereganatzeko eta gailuetan aplikatzeko, eta bestetik, hasierako prezioak oso garestiak zirelako (SMS bakoitzeko ordaintzen zen). Hala ere, XXI. mendeko lehenengo hamarkadan nolabaiteko urrezko aroa bizi izan zuen SMSen kontuak. 

Handik aurrera, smartphone eta datu mugikorren zabalkundearekin, beste aplikazio batzuek hartu dute bere lekua, batez ere Whatsappak, baina ezin ahaztu, telefonoan "idaztearen" (eta ez soilik hitz egitearen) kontzeptua SMS zahar haiek ekarri zigutela. 

 

............

Irudia: Wikipedia.

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago