Teknologia albisteak

"Blue Planet" dokumental mitikoa itzuli da, bigarren kapitulu-sortarekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-10-31 : 10:07

2001ean aurkeztu zuen BBCek The Blue Planet dokumental ezaguna. Sir David Attenborough-ek aurkeztuta, gure planetako ozeanoen inguruko dokumentala zen, ordura arte sekula ikusi gabeko irudiekin, izugarrizko kalitatez eginda, eta arrakasta itzela izan zuena. Naturzaleen artean erreferentziazko bilakatu zen bere garaian (eta baita oraindik ere). Bada, 16 urte geroago, Blue Planet II aurkeztu du BBCek. Are ikusgarriagoa, asteburuan hasi dira emititzen mundu osoko telebistetan, oraingoan ere Sir David Attenborough-en gidaritzapean.

Dokumentalak egiten prestigio berezia du BBC, besteak beste naturaren inguruko dokumentalgintzan. Esperientzia, sentsibilitatea, ezagutza,... eta dirua dituzte, munduko dokumentalik onenak egiteko. Ahaztezinak dira, besteak beste, Life on Earth (1979), The Blue Planet (2001) edota Planet Earth (2006). Oraingoan 2001eko Blue Planet haren bigarren kapitulu-sorta aurkeztu dute, Blue Planet II.

2013an hasi ziren grabazioak. Azken lau urteotan 125 expedizio egin dituzte gure planetako 39 herrialdetara eta 6.000 ordu grabatu dituzte ur azpian. Guztia ere, gure ozeanoetako txokorik ezkutuenak ere ikusleei erakusteko eta planetaren kontserbazioaren inguruan kontzientziazioa pizteko. Zazpi kapitulu izango dira, horietako bakoitza itsas-ozeanoetako habitat ezberdin baten inguruan harilkatua.

2001eko kapituluetan bezala, oraingoan ere Sir David Attenborough-ren esku dago programaren gidaritza eta Hans Zimmer izan da musika konposatu duena. Joan zen igandean eman zuten lehenengo kapitulua, munduko dozenaka herrialdetan, guztietan batera, programa handiek merezi duten oihartzunarekin. Jendearen harrera ere ezin hobea izan da: 9,9-ko nota jaso du, momentuz, IMBDen.

 

Erantzun

Sartu