Teknologia albisteak

2017ko programazio-lengoaia arrakastatsuenak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-07-19 : 09:00

Spectrum aldizkariak 2017ko programazio lengoaia garrantzitsuenen rankinga aurkeztu du. 48 lengoaia bildu ditu, une honetan gutxi-asko munduan zehar erabiltzen direnak, eta "10 popularrenen" zerrenda ere egin du, horretarako zenbait datu erabilita. Python da, zerrenda horren arabera, une honetan mundu mailako lengoaiarik arrakastatsuena. Atzetik datoz C, Java, C++ eta abar. Eta bai, Sustatu.eus Pythonekin programatuta dago ;-) 

Azken urteotako ohiturari jarraiki, aurten ere egin du IEEE Spectrum aldizkariak bere Top10 zerrenda. Une honetan mundu mailan erabiltzen diren programazio-lengoien arten arrakastatsu eta erabilienak zerrendatu ditu, ranking batean. Horretarako hainbat iturri eta metrika erabili ditu, eta euren parametroen arabera "popularrenak" direnak zerrendatu dituzte. 

Une honetan Python litzateke programazio-lengoaien arteko erregina. Gainera, azken urtean jauzi handi bat emanda, iaz zerrendako hirugarrena zelako. Pythonen ostean datoz C, Java eta C++, besteak beste. Aipagarria, era berean, Swift gaztea Top10 zerrendan sartu dela aurrenekoz. 

Spectrumek egin rankinga interaktiboa da. Hortaz, bertara sartu zaitezke, gehien interesatzen zaizkizun parametroak begiratu, eta zure lehentasunen araberako rankingak ere sortu ditzakezu. Baita aurreko urtekoekin alderatu ere.

Sustatu 2001ean jaio zen. Pythonen programatuta munduratu zen, eta halaxe dirau oraindik ere. Gora Python! ;)

Erantzun

Sartu