Teknologia albisteak

Mugikorra "belarrien bidez" kontrolatzeko bidean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-07-07 : 11:46

Teklatu bidez kontrolatzen genituen mugikorrak hasieran; ukipen-pantailen bidez ondoren; ahotsarekin ere bai azkenaldian. Etorkizunean, beharbada, keinu bidez ere egin ahalko dugu. Izan ere, askotan eskuak beste zeozertan ditugulako eta ezinezko zaigulako mugikorra hatzekin erabiltzea. Eta ahotsak ere bere mugak dituelako batzuetan (inguruan zalaparta handiegia, edo hitz egiterik ez zenbait egoeratan). Zer esanik ez ezintasun fisikoak dituzten pertsonentzat (mutuak, eskuak mugitzeko ezintasuna,...).

Muga hori gainditu nahian ari dira hainbat ikerketa zentru, etorkizun hurbilean mugikorra aurpegiko keinuen bidez erabili ahal izateko. Begiak klikatuta, mugikorrari irrifartxo bat botata, buruaren mugimendu txiki batekin,... Baina nola jasotzen ditu mugimendu txiki horiek mugikorrak? Zer sentsore erabili kinadak jasotzeko? Lehenengo probak egiteko aurpegian jarritako sentsore batzuekin egin dituzte probak. Eraginkorrak dira, baina ez dute balio egunerorako, noski. Bigarren fase batean, belarri barruan sartzen diren sentsoreak ari dira probatzen, entzungailu estilokoak. EarFS deitu dituzte (infoa alemanieraz).

Kontua da, aurpegiko muskuluak mugitzen ditugunean (aurpegiarekin edozein keinu egiteko) belarri barruko kanala ere mugitu egiten dela. Horrela, irrifar egiten dugunean, edo begiak kliskatzen ditugunean, belarri barrua ere mugitu egiten da, modu jakin batean. Belarrietan ezarritako aurikular edo entzungailu itxurako sentsore horiek gai izan daitezke belarri barruan gertatzen diren mugimendu ñimiñoak detektatzeko eta ulertzeko. Mugimendu txiki horiek erabili nahi dira mugikorrak kontrolatzeko. 

Hortxe dago erronka une honetan: belarrian gertatzen diren mugimendu txiki-txiki horiek ulertu ahal izatea sentsore berezi batzuen bidez. Dagoeneko nahiko urrats garrantzitsuak eman omen dituzte, eta gero eta garatuago dago sistema berria. Etorkizunera begira, mugikorrak eta musika-gailuak kontrolatzeaz gain, beste erabilera batzuk ere eman nahi zaizkio aplikazio berriari. Adibidez, gidari bat nekatzen ari dela somatzea, edo atentzioa galdu duela igartzea, eta abixu automatiko baten bidez istripuak saihestea.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago