Teknologia albisteak

Hara nola instalatzen diren ozeano azpiko komunikazio-kableak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-06-15 : 10:31

Duela urte bete Sustatun iragarri genuen bezala, Amerika eta Europa konektatuko dituen zuntz optikozko kable berriak Euskal Herrian izango du abiapuntua, Sopelan hain zuzen ere. Bada, aste honetan hasi dira super-kable hori instalatzeko lanak Bizkaian. Kable berriak bi kontinenteen arteko interneteko komunikazio hobetuko du eta bere datuak ikaragarriak dira: besteak beste, 6.600 km izango ditu kableak, Virginia eta Euskal Herria bitartean, eta itsas hondoan zehar joango da, 4.000 metroko sakonerara. Nola da posible horrelako azpiegiturak instalatzea eta konpontzea? Hona hemen bideo argigarri batzuk.

Iaz Sustatun aurreratu genizuen bezala, Atlantikoaren bi alderdiak konektatuko dituen kable berriak Bizkaian (Sopelan) izango du Europarako sarbidea. 6.600 km izango dituen super-kable bat izango da, Amerika eta Europa bitarteko komunikazioak izugarri bizkortuko dituena. Facebook eta Microsoft dira telekomunikazio-azpiegitura berri honen jabeak, eta 160 Tb segunduko transmititu ahalko ditu (etxeko kable arrunt bat baino 16 milioi aldiz bizkorragoa). Munduko ozeanoetan barrena daudena dozenaka konexio-kableen sistemara gehituko da Marea izeneko kable berria.

Aste honetan hasi dira lanak Sopelan, eta hurrengo asteetan Atlantikoaren bi bazterrak lotuko dituzte milaka kilometro izango dituen kable horren bitartez. Baina, nola da posible luzera horretako kableak instalatzean, non eta itsas hondoan? 4.000 metroko sakoneran? Eta nola konpontzen dira egon daitezkeen arazo teknikoak?

Hori guztiori azaltzen duten zenbait bideo bildu dizkizuegu. 

Hona hemen nola hondoratzen eta instalatzen dituzten itsas azpiko komunikazio-kableak.

Beste honetan, berriz, kablea nolakoa den ikusi dezakegu. "Superkablea" deritzogu, baina lodiera aldetik ez pentsa ikaragarria denik; esku artean erraz oratu daiteke:

Beste honetan ikusi dezakegu zelan konpontzen diren itsas azpiko kableak, gehienetan milaka metroko sakonerara daudenak. Lan konplikatu samarra, roboten bidez egiten dena:

Bukatzeko, irudi kurioso bat: ehunka metroko sakonerara dagoen kable baten irudiak jasotzen ditu robot batek, eta bapatean ezusteko txiki bat: marrazoak koxk egiten dio kableari:

...................

Grafikoa: Berria.eus.

Erantzun

Sartu