Nahi duzun tokira eramango zaituen auto bat eskatu eta ordaintzeko aukera ematen du Uber-ek, Sustatun iaz aipatu genuen moduan. Mugikorreko aplikazio baten bidez egiten du erabiltzaileak guztia: bertan sartzen ditu kreditu-txartelaren datuak; mugikorreko GPSa baliatzen du aplikazioak kokapena jakiteko eta erabiltzaileak aukeratzen du nora heldu nahi duen; aplikazioak gutxi gora-beherako prezioa ematen dio eta bidaia eskatu dezake. Kontua da Uber ez dela guztiz legezkoa alde guztietan, edota Uberreko gidariek zenbait baimen behar dituztela, eta agintari eta poliziek gertutik zaintzen dutela. Zaintza horretatik ihes egiteko mundu paralelo moduko bat asmatu zuen Uberrek: Greyball.
Agintari eta poliziak detektatzeko balio duen softwarea da Greyball, eta horrela funtzionatzen du. Aipatu moduan, Uber aplikazioak mugikorreko GPSa darabil gure kokapena zehazteko, eta mapan begiratzen du inguruan Gobernuko eraikinik ba ote dagoen jakiteko.
Ondoren, kreditu txartelari begiratzen dio Uberrek, jakin nahian ea erakunde ofizial batetako kreditu txartela ote den. Mugikor-modeloari ere erreparatzen omen dio.
Agintari moduan identifikatzen bazaitu Uberrek aplikazioaren bertsio faltsu bat erakutsiko dizu, mundu paralelo bat. Mapan Uberren gezurrezko kotxe batzuk ageriko zaizkizu, asmaturiko kotxeak (benetakoak ezkutatu egingo ditu eta ez zaizkizu ageriko), eta ezingo duzu eskatu bidaiarik.
The New York Times egunkariaren ikerketa batek azaleratu zuen martxoan Uberren praktika hau. 2014tik ei dago martxan eta Australia, Txina, Hego Korea, Boston, Paris eta Las Vegasen erabilia izan da jada poliziak saihesteko.
Uberrek onartu zuen Greyball programa erabiltzen zuela eta helburua zela bere zerbitzuaren erabilpen txarra saihestea: iruzur-saiakerak, Uberreko auto-gidariak erasotu nahi dituzten pertsonak edota Uberren lehiakideak, adibidez.
AEBetako Portland hiriko garraio agintaritza gaia aztertzen ari da. 2014an Uberrek ez zeukan baimenik bertan jarduteko, eta poliziak Uberreko gidariei isunak jartzen ibiltzen ziren, eta Uberrek Greyball erabiltzen zuen polizia horiek ez zitzaten bere gidariak harrapatu. Reuters berri-agentziaren arabera AEBetako Justizia Departamentua Uber ikertzen ari da Greyball programa dela eta.
Erantzun
Sartu