Teknologia albisteak

ClickClean, teknologia enpresek energia berriztagarriak erabiltzearen aldeko kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-02-15 : 09:24

ClickClean (klik garbia) Greenpeace-n egitasmo bat da, eta bere helburua da teknologia alorreko enpresek energia berriztagarriak erabiltzeko konpromisoa hartzea. Kanpaina honetan teknologia enpresen jarraipena egiten du Greenpeacek. Hainbat aldagai darabil Greenpeacek jarraipena egiteko: gardentasuna, energia berriztagarriekin konpromisoa, erosten den energia berriztagarria, energia-eraginkortasuna, ...

Greenpeaceren arabera, IKT sektorean horrela banatzen da energiaren kontsumoa:

  • %34 gailuek (ordenagailu, mugikor, telebista, ...)
  • %29 elektrizitate-sarean
  • %21 zerbitzariak dauden datu-zentroetan
  • %16 gailuen ekoizpenean

Eta Greenpeacek zerbitzariak dauden datu-zentroetan jarri du arreta ClickClean kanpainarekin (jaitsi 2017ko txostena, datu guztiekin; PDF, 11 Mb)). 2010ean jarri zuten martxan eta geroztik Facbeook, Google edota Apple bezalako enpresen konpromisoa lortu dute 2020rako %100ean berriztagarriak erabiltzeko. Hemen ikus daitezke Apple, Facebook eta Googlek energia berriztagarriekin hartu dituzten konpromisoak: funtsean, datu-zentroak energetikoki eraginkorragoak egitea eta kontsumitzen duten energia jatorri berriztagarrikoa izatea.

IKT sektoreko enpresa gehiagoren konpromisoa lortu nahian jarraitzen du Greenpeacek, eta Netflix jarri du bere jomugan. Bideo streaming-ak (atzo bertan aipatu genuen Sustatun bideo-streaminga nola hazi den azken urtean) Interneteko trafikoaren %60a sortzen du gaur egun, eta 2020rako %80ra igoko dela uste dute. Bideo streaming zerbitzu erabiliena Netflix da, eta berak soilik Ipar Ameriketako interneteko trafikoaren %37 sortzen du. Netflixek ez du datu-zentro propiorik erabiltzen, Amazonen azpiegitura darabil, gehienbat, bideoak zerbitzatzeko, baina kanpaina honen bidez energia berriztagarrietara eraman nahi du Greenpeacek Netflix, edota honek Amazon presionatzea ekologikoagoa izan dadin.

Teknologia berriek sortzen duten energia-kontsumoa ez da orain arte gehiegi aipatu izan den gaia, baina enpresek (eta erabiltzaileek) gero eta garrantzi gehiago ematen diote gai honi. Horren lekuko, duela gutxi jakin dugun berria: Samsung, LG eta Vizio markak tranpak egiten ibili direla euren gailuen benetako energia-kontsumoa ezkutatuz.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago