Azken urtean sarean gehien zabaldu den joera edo erremintetako bat izan da zuzeneko bideoena, bideo streamingarena. Hona hemen plataforma nagusiak zeintzuk diren eta bakoitzaren erabilera. Datuak 2016ko azaroan batutakoak dira. Grafikoan ikusten denez, oraindik ez dago nagusi den tresna bat eta bospasei plataforma nahiko zabalduta daude. Izan ere, azkenaldian sare sozial guztietan zabaltzen ari den joera baita zuzeneko bideoena. 2017an ere, ziur izan urrats berriak ikusiko ditugula alor horretan.
Duela 2 urte, Twitterrek Periscope erosi zuenean, leiho berri bat ireki zitzaigun sare sozialetako erabiltzaileoi: bideoak zuzenean emititzea gure mugikorretatik. Lehenago ere bazen aukerarik, baina Periscoperen eskutik etorri zen plataforma hauen zabalkunde handiena. Horrela, 2016. urtea, zuzeneko bideoen zabalkundearena izan da.
Twitterrek erabaki ona hartu zuen, hortaz. Baina jakina, ez zen bakarra izan. Bere lehiakide guztiek ere antzeko plataformak garatzen hasi ziren eta gaur egun aukera hori eskaintzen dute sare sozial eta plataforma gehienek, hala nola, Facebookek, Snapchatek, Youtubek eta Instagramek. Kasu guztietan, gainera, nahiko modu erraz, eroso eta kalitatezkoarekin. Norbere zuzeneko telebista, mugikorretik eta erraztasun guztiekin.
Goiko grafikoan ikusten denez, (2016ko azaroan Estatu Batuetan jasotako datuekin), sarea fragmentatuta dago eta bospasei plataforma erabiltzen dituzte erabiltzaileek une honetan bideoak emititzeko. Erabiltzaile-masa handiena duten Facebook eta Youtube dira nagusi, normala denez, baina Snapchat ere alboan dute, eta Twitterren bi plataformak ere ez dira urrun (Periscope eta Twitter bera).
Twitterren kasuan, gainera, aldaketa handiak izan dira azkenaldian, eta bideo-streamingean jarri dute euren lan-ildo nagusietako bat. Horrela, lehenengo Vine itxi zuten, ondoren 360 graduko bideoak ere sartu dituzte, eta, azkenik, Periscope zuzenean Twitterreko aplikazioan integratu dute. 2016an hasitako joera orokor horrek urrats berri eta sendoak emango ditu 2017an zehar, zalantzarik gabe.
Erantzun
Sartu