Teknologia albisteak

Snapchat Spectacles, sentitzen ari zaren hori zuzenean partekatzeko betaurrekoak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-02-10 : 12:11

Ikusten ari zaren hori zuzenean grabatzea eta lagunekin partekatzea. Modu erraz-errazean eta automatikoki. Horixe da Snapchatek garatutako betaurrekoen helburua. Spectacles izena jarri diete betaurreko horiei eta, oraingoz, Estatu Batuetan bakarrik komertzializatu dira eta makina berezi batzuetan bakarrik erosi daitezke. Ikusi ahala Snapchat bidez partekatu.

Duela pare bat hilabete aurkeztu zituen Snapchatek bere betaurreko berriak, Spectacles izenez ezagutzen direnak. Bizitzen eta sentitzen ari zaren hori, zuzenean sareratu eta zure lagunekin partekatzea da helburua. Oraingoz Estatu Batuetan bakarrik erosi daitezke eta badirudi harrera ona izan dutela erabiltzaileen zein adituen artean, eta azkenengo Crunchi sari ezagunetan (duela gutxi eman dugu horien berri Sustatun) sari garrantzitsuenetako bat jaso zuten, 2016ko hardware onenarena, hain zuzen ere.

Oso tresna erabilterraz eta praktikoa garatu nahi izan dute. Betaurrekoek 2 kamera dituzte ezker-eskuineko muturretan. Botoia sakatzean zuzenean grabatzen hasten da (argitxo batzuk pizten dira grabatzen ari zarela jakinarazteko) eta 10 segunduko bideoak grabatzen ditu. Grabatutako irudiak Snapchaten gordeta geratzen dira, nahi duzunean argitaratzeko prest. Xinple, samur eta arin. Eskuak libre dituzula; inolako konfiguraziorik gabe. Klik eta partekatu. Hori bai, Snapchat bidez bakarrik. 

Garatzaileek azpimarratu dutenez, "ikusten ari zaren hori gorde eta partekatzeko tresna bat da", zuk ikusi eta bizi duzuna zure lagunekin partekatzeko. Horregatik, grabazio lente zirkular baten bidez egiten da, gizakion ikusmenaren antz gehiago izan dezan. 

Ohiko eguzki-betaurrekoen antzekoak dira, pixkat astunagoak, eta 4 koloretan komertzializatzen dira. 

Salmenta puntuak ere oso bereziak dira, betaurrekoak ezin baitira ez dendetan eta ez internet bidez erosi. Kalean jarritako makina batzuetan bakarrik erosi daitezke, hori koloreko salmenta-kutxa bereizgarri batzuetan. 129 dolarrean saltzen dira.

Erantzun

Sartu