Astelehen gauean banatu ziren aurtengo Crunchie sariak, TechCrunchek antolatuta "Sillicon Valleyko oskar" bezala ezagutzen direnak. Teknologia berrien arloan banatzen diren sari ezagun eta garrantzitsuenetakoak. Aurtengo saridun eta izen nagusien artean hiru nabarmendu dira: Slack (Startupik onena), Pokémon GO (aplikaziorik onena) eta Snapchat Spectacles (hardwarerik onena).
Teknologiaren planetan banatzen diren sari ezagunenak banatu dira aste honetan, 10. Crunchie sariak. San Frantziskoko Memorial Opera House dotorean ospatu da sari-banaketa, Chelsea Peretti aktoreak aurkeztuta. Hautagaien zerrenda irekia izaten da, nominazioak egiteko epe bat ezartzen delarik eta, ondoren, epaimahaik erabakitzen du zeintzuk diren urteroko aplikazio, teknologia, hardware eta startup onenak. Guztira hamaika sari banatzen dira.
Sari nagusien artean ondorengo 3 konpainiak izan dira irabazle nagusiak. Slack konpainiak irabazi du sarri garrantzitsuena, Startup onenaren saria. Taldekako komunikaziorako tresna bat da Slack; posta elektronikoaren eta txaten ordezkotzat iragartzen dute. 2013an merkaturatu zuten, baina 2015ean jaso zuen benetako bultzakada, 160 milioi dolarretako inbertsioa lortu zuenean. Plataforma eta gailu gehienetan erabili daiteke (Apple eta Android aplikazioak, Windowsen aplikazio ofiziala, Linuxerako bezero ez ofiziala, eta abar).
Aplikaziorik onenaren saria ez zen ezustekoa izan. Nola ez ba, Pokémon GO biralak jaso du 2016ko aplikaziorik onenaren saria, eta emapimahaiak azpimarratu zuen errealitate areagotuak etorkizun hurbilean izango duen garrantzia.
Bestalde, urteko hardwarerik onena Snapchat Spectaclesek jaso du, Snapchaten betaurrekoek. Bideorik onenaren saria ere berorrek jaso zuen (azpian duzue). Beste saritu batzuen artean egon ziren, besteak beste, Project Include (giza balioen saria) eta CRISPR- Cas9 (teknologia berritzailearenaren saria). Jaialdiaren laburpena eta saridun guztien zerrenda (eta baita finalistena ere) TechCrunch webgunean bertan aurkituko duzue.
Erantzun
Sartu