Teknologia albisteak

Adblock Plus-ek zenbait iragarki erakutsiko ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-09-14 : 10:00

Iragarkiak blokeatu eta ezkutatzeko balio dute Adblockerrek, nabigazio-esperientzia garbi, eroso eta azkarragoa izateko. Nabigatzaileari eransten zaion gehigarri bat izan ohi da, eta ezagunena Adblock Plus da. Iazko azaroan idatzi genuen adblockerren inguruan, eta nola hedabideen etsai bilakatu diren: hedabideek iragarki gutxiago erakusten dituztenez, diru-sarrera txikiagoak dituzte. Ondorioz, hedabide batzuk, Adblock erabiltzaileei sarrera debekatzen hasi dira. Borroka horren erdian, Adblock Plusek iragarri du "iragarki onargarriak" jartzeko plataforma bat garatu duela, hedabideei (batez ere txikiei) zenbait iragarki erakusten uzteko. Eta, bide batez, Adblock-ek berak ere, iragarki horietatik dirua ateratzeko.

Adblock Plus-ek atzo iragarri zuen bere blogean publizitate onargarria jartzeko plataforma berri bat. Izan ere, Adblock Plus-ek onartzen du webgune eta hedabide txikiek euren lanaren trukean dirua lortzeko eskubidea dutela, erabiltzailea errespetatuko duten iragarki onargarrien bidez. Hau da, publizitate intrusiboa blokeatzen jarraituko du (pop-up gogaikarriak, gure nabigazioa zelatatzeko erabiltzen diren jarraipen-kodeak, eta abar), baina arau minimoak errespetatzen dituzten iragarki batzuk sartzeko aukera emango die Adblockek garatzaileei. 

Horretarako, publizitatea duen webgune batek iragarki-kutxa berriak gehitu beharko ditu, gaur egungo bannerrak jartzeko erabiltzen dituztenen tankerakoa. Bestetik, iragarkia jarri nahi duenak arau batzuk jarraitu beharko ditu iragarkia alta emateko.

Adblockerra duen bisitari batek Adblockek baimenduta iragarki onargarri hori ikusiko du. Adblockerrik ez duen bisitariak, aldiz, webguneak jatorrian zuen iragarkia.

Adblock Plus-ek dio bere iragarki-sistema atseginagoa izango dela erabiltzailearekin eta, besteak beste, ez duela tracking-sistemarik izango erabiltzaileei remarketing-ik egiteko (zure nabigazio-historian eta datu-pertsonaletan oinarrituriko publizitate berezitua). Beheko bideoan azaltzen dute sistemaren funtzionamendua:

Albisteak iskanbila apur bat sortu du erabiltzaileen artean, izan ere, iragarkiak blokeatzen dizkizun programa berak iragarkiak erakutsiko dizkizu, eta gainera dirua irabaziko du horrekin. The Vergen aipatzen duten moduan, iragarkia erakusten duen hedabidea diruaren %80arekin geratuko da, eta Adblock Plus %6arekin (gainerakoa iragarki-sistema hau abian jarri dutenen artean banatuko da). Adblock Plus-ek kritikei horiei erantzun die Twitterren esanez iragarki onargarri hauek blokeatzeko aukera ere izango dutela erabiltzaileek.

Hau ez da lehen aldia Adblock antzeko sistemaren bat garatzen saiatzen dena. Izan ere, Adblock Plus-ek beti esan du iragarkiak blokeatzearen arrazoi nagusia ez zela iragarki guztiak ezkutatzea, baizik eta publizitate intrusiboa sahiestea (pop-up gogaikarriak, jarraipen-kodea gure nabigazioa zelatatzeko,...). Hori dela eta, duela hilabete batzuk ere "iragarki onargarrien" ekimen bat bultzatu zuen. Programa horren helburua zen erabiltzailea errespetatzen zituzten iragarkiak baimentzea, baina zerrenda zuri horrek arrakasta gutxi izan du. Zaila zen webgune zein iragarleentzat prozesua burutzea. Orain ikusiko dugu ea bigarren ekimen honek zer oihartzun lortzen duen.

Erabiltzen dira iragarki blokeatzaileak?

Iaz idatzi genuen beste artikulu batean genion 200 milioi erabiltzailek erabiltzen dutela Adblock edo antzeko beste programaren bat. blokeatzen zituztela iragarkiak. Askotxo dira. Sustaturen kasuan, esate baterako, azken asteetako estatistikei begiratuta, gure erabiltzaileen %7 da horrelako sistemaren bat erabiltzen duena eta gure webguneko iragarkiak ezkutatzen dituena. Sareko erabiltzaileen benetako portzentaia handiagoa ere izan daiteke; izan ere, joan zen astean gure bisitari-kopurua normalean baino handiagoa izan zen (beste profil bateko jendea ere sartu zitzaigun), eta egun horretan iragarki-blokeatzailea zerabiltzen erabiltzailean %17 izan ziren. 

Kopurua handitu ahala, webguneentzat ere gero eta handiagoa da arazoa, publizitatetik jasotzen duten dirua gero eta txikiagoa delako. Horregatik, hainbat hedabidek erabaki dute edukia ezkutatzea Adblock darabilten erabiltzaileei, eta euren webgunerako sarrera debekatzea gehigarri hori desinstalatzen ez duten bitartean.

Erantzun

Sartu