Teknologia albisteak

Iberdrolak Ikerlanen plugina darabilten erabiltzaileak blokeatu ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-09-07 : 09:25

Zure kontsumo elektrikoaren datuak

Zure kontsumo elektrikoaren datuak Iberdrolaren webgune batean uneoro kontsultatu daitezke. Iberdrolak eskaintzen du zerbitzu hori eta berdin da zuk norekin duzun kontratatuta elektrizitate hornidura. Bi baldintza bete behar dira horretarako:

  • Iberdrolak elektrizitatea banatzen duen ingurune batean bizitzea.
  • Zure kontagailua "inteligentea" deritzena izatea eta "telekudeaketa" aktibatuta izatea.

Batetik, zuk elektrizitatea Goiener, Endesa, Fenosa edo beste batekin kontratatuta izan dezakezu, baina zure etxera kableak ekarri eta kontagailuak irakurtzen dituena Iberdrola izaten da normalean EH Hegoaldean bizi baldin bazara. Gure kasuan Goienerrekin dugu kontratatuta elektrizitate hornidura, baina datu horiek Iberdrolaren eskuan daude, kudeaketa zuzena beraiek daukatenez.

Bestetik, kontagailu berriekin kontsumoaren neurketa automatikoki egiten du elektrizitate konpainiak. Horrelako kontagailu bat izan behar duzu etxean. Zurean ez badago horrelakorik, laster ordezkatuko dizute, poliki-poliki toki guztietan egiten ari dira eta.

Behin bi baldintza horiek ziurtatuta, www.iberdroladistribucionelectrica.com webgunean sartu eta bertan alta eman beharko duzu. Zure datuak eta fakturan azaltzen den kode luze bat beharko dituzu izen emate prozesua burutzeko, eta telefono eta eposta bidezko pare bat konfirmazio egin beharko dituzu.

Hortik aurrera, webgune horretan sartu eta zure ordukako, eguneko, asteroko eta hileko kontsumoak aztertu ahal izango dituzu. Baita kontsumo maximoak eta zein ordutan egin diren, etxeko antolaketa hobetu ahal izateko kontsumo aldetik.

Ikerlanek datuak aztertzeko tresna bat garatu du

Pasa den uztailean Ikerlanek datu hauetan oinarrituta energia aurrezten laguntzeko tresna bat aurkeztu du. Ikerlan Home Energy Analizer izena du aplikazioak, eta Chrome nabigatzailean instalatzen da. Tresna hau erabiliz Iberdrolaren webgunean sartzean informazio aurreratua eskaintzen du, ondoen egokitzen zaigun tarifari buruzko informazioa ematen du, ea kontratatutako potentzia bat datorren erabilerarekin eta abar.

Iberdrolak tresna honekin egindako sarrerak blokeatzen ditu

Froga egin ahal izan dugu, tresna hau aktibatuta Iberdrolaren webgunean ezin dira datuak ikusi, blokeatu egiten gaituelako. SMS eta eposta mezu bat ere jaso dugu tresnarekin sartzean, eta mezu horretan aipatzen da "Kontsumitzailearen webgunean erabilera desegokia" izan dugula, "baimendu gabeko akzesu masiboak" egitean.

Hau da, baliteke Ikerlanen tresnak eskaera asko eta jarraiak egin izana eta horrek Iberdrolan alarmak aktibatzea, ondorioz gure sarrera blokeatuz.

Ulergarria izan daiteke datu eskaera masiboen kontrako babesak izatea Iberdrolak, baina datuak gureak (bezeroenak) direnez modu erraz batean berrerabiltzeko aukera eman beharko luke, dela API edo deskarga aukeraren bat emanez. Oraingoz Excel formaturako esportazio aukera bat eskaintzen du, ea Ikerlan eta Iberdrola elkarrekin konpondu eta soluzio on bat ematen diguten!

Erantzun

Sartu