Sustatu logoa Teknologia albisteak

Sustatuko orri bat bilaketetatik kendu du Googlek, "Ahanztura eskubidea" aplikatuz

Sustatu
2015-03-20 08:51

2014tik, Europako Batasunaren erabaki legal baten baten ondorioz, bilatzaileak behartuta daude, zenbait eskaeren aurrean, indexatutako orri batzuen emaitzak beraien aurkibide eta funtzioetatik kentzera. Ahanztura Eskubidea esaten zaio honi.

Hain zuzen ere, Espainiako datu babeserako agentziaren eta Googleren arteko auzi judizial batean, Googleren aurka izan zen ebazpena, eta harrezkero, milaka eskaera tratatu behar dituzte bilatzaileek hilero.

Normalean, eskaera pertsonalen ondorioz gertatzen dira, eta susmatzen dugu, artikulu horren erantzunetan ageri diren, Iñigo Perez de Rada Cavanilles eta Ana Enriquez de Amilibia direla Googlera eskaera egin dutenak. Beste pertsona bakar bat agertzen da izenez aipatua artikuluan, Markel Olano orduko ahaldun nagusia, eta ez dugu uste Olano izan denik Googlera jo duena.

Berrian agertu zen informazioaren arabera, Perez de Rada eta Enriquez de Amilbia, Comunion Tradicionalista Carlista alderdi ultraeskuindarraren partaideak biak, dira bideoan agertzen pertsonak, Diputazioko plaka lapurtzen.

Ahanztura eskubidea bilaketa emaitzei aplikatzen zaie. Baina ez Google ez Sustatu ez gaude hor agertzen diren edukiak ezabatzera behartuta. Ikusten denez, bideoak Googleren jabego den Youtube sarean jarraitzen du.



Sustatu ere ez dago behartuta orrialdea ezabatzera: horretarako agindu judiziala jaso beharko genuke, ez Googleren ohar bat. Era berean, pertsona horien izenak Interneten aipatzea ez dago debekatua.

Hori bai, akaso oraingo orrialde hau ere Googleren emaitzetatik ezabatua geratuko da etorkizunean. Ikusiko dugu.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu