Teknologia albisteak

45,6 milioi euro Jaurlaritzak euskara sustatzeko 2015ean

Erabiltzailearen aurpegia
Eusko Jaurlaritza, Irekia
2014-12-30 : 09:54
Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, 2015ean berak gidatzen duen sailburuordetzak zabalduko dituen diru-laguntza deialdien berri eman zuen atzo goizez Donostian. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren zazpi diru-laguntza deialdiek, HABE barne, (beherago banan-banan zerrendatuak ageri dira) 42.287.500 euro izango dituzte urte berrian. Bestalde, proiektu zehatzetarako lankidetza hitzarmenetarako 3.436.630 euro emango. Beraz, bi multzook batuta, 45.624.130 euro izango dira guztira diru-laguntzatan 2015ean. 

Igoera izango duten diru-laguntzen artean daude euskaltegietako ikasleentzako laguntza zuzenak. HABEren ikasmaila ofizialen bat gainditzen duten euskaltegietako ikasleentzako milioi bat euro izango da 2015an, amaitzera doan 2014 honetan baino %25 gehiago (800.000 euro bideratu ziren 2014an). “Bizi dugun testuinguru ekonomiko zailean esanguratsua da laguntza-ildo hau igo izana”, nabarmendu du PatxiBaztarrikak. “Herritarren euskara ezagutzan edo gaitasunean aurreratzen jarraitzea eta, beraz, herritar helduek euskara ikasteko aukerak erraztea, lehentasunezkoa da hizkuntza politikaren arloan. Sailburuordetzaren urteko diru-laguntza guztien % 68,03 helduen euskalduntzearen finantzaketara destinatzen da”. Gainerakoan, 2015eko diru-laguntza programa guztiak 2014ko mailetan mantendu dira.

Diru-laguntza deialdiek 2015ean dakartzaten berrikuntzen artean berriz, bi dira azpimarratzekoak: Batetik, LanHitz programaren barruan, eta orain arteko diru-laguntza deialdiaz gain, egitasmo pilotu bat jarriko da abian, hizkuntza kudeaketan aurreratuen dauden enpresek euskaraz lan egin dezaten. Eta bestetik, deialdi honetan bertan, multzo berezi bat eskainiko zaie elkargo profesionalek bultzaturiko ekimenei, elkargo horietako profesionalek euskaraz lan egin dezaten. Programa honetaz baliatuko dira, adibidez, beren lana euskaraz ere egiten duten abokatu eta prokuradoreak, Justizia Administrazioan ere euskararen erabilera sustatuz.

Bestalde, EBPN/ESEP diru-laguntza deialdia bi urterako zabalduko da. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza aztertzen ari da gainerako deialdiak ere urte anitzetarako egitea hurrengo deialdietatik aurrera, betiere diruz lagundutako ekimen eta eragileen egonkortasun eta eraginkortasuna areagotzeko baliagarria izango balitz.

45,6 milioiko kopurua “ahalegin handia” dela azpimarratu du sailburuordeak, eta diru-laguntza hauek ez direla gastua, inbertsioa baizik. “Euskararen sustapenean inbertitzen dugun euro bakoitza, euskal gizarteak bereak dituen bi hizkuntzen arteko bizikidetzan inbertitzen den euroa da” gehitu du, “eta bi hizkuntzen bizikidetzan inbertitzen dena, gizarte honen bizikidetzan inbertitzen da. Euskararen erabilera sustatzea behar-beharrezkoa da gure gizartean bi hizkuntza ofizialen erabilera benetan bermatzera iristeko. Euskararen erabilera sustatzea behar-beharrezkoa da euskara edo gaztelania aukeratzeko eskubidea den-denei bermatzeko eta inor gure artean ez dadin hizkuntzaz aldatzera behartuta aurkitu”, azaldu du Baztarrikak.

Haatik, dena ez dela dirua ere argitu nahi izan du Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. “Etekina atera behar zaie diru horiei, eta beharrezkoa da ekimen publiko eta pribatuen arteko uztardura. Hortxe dago arrakastaren giltzarria. Ekimen pribatuak, bere indar soilez, ezin izango luke aurrera egin. Ezinbestekoak ditu herri-erakundeen konpromisoa eta babesa. Eusko Jaurlaritza horren jakitun da, eta bere gain hartzen du dagokion lana: diru baliabideak aurreikusi eta eraginkortasunez erabiltzea, eta, ezinbestez, lankidetza publiko-pribaturako lehentasunak finkatzea”. Aurkezturiko diru- laguntza hauek dira, Baztarrikaren aburuz, Jaurlaritzak bere egiten duen erantzukizunaren erakusle.

Azkenik, lehentasunen artean lehentasun gazteak, eta gazteen euskararen erabilera direla gehitu du Patxi Baztarrikak. “Euskara bakarrik eskolari lotzen dion katea hautsi behar dugu. Euskara hizkuntza bizia izateko gakoa hain zuzen ere delako erabilia izatea eskolan ez ezik eskolaz kanpoko jardueretan ere, kaleko bizitzan, lan munduan, aisialdian, interneten, era guztietako zerbitzu publikoetan, lagun artean eta familiako harremanetan”.

 

DIRU-LAGUNTZA DEIALDIAK

1) HABE (Helduen euskalduntzea): 30.860.000 euro.

Hemen lau deialdi bereizi behar dira:

  • Udal euskaltegiei zuzendutako diru laguntzen deialdia: 11.340.000 euro
  • Euskaltegi pribatu homologatuei zuzendutako diru laguntzen deialdia: 18.300.000 euro.
  • Euskal Etxeetan euskara irakasteko jardueretarako diru laguntzen deialdia. 220.000 euro.
  • Ikasmaila ofizialen bat gainditu duten euskaltegietako ikasleentzako zuzeneko diru laguntzen deialdia: 1.000.000 euro.

Deialdi hauetan eskaerak egiteko epeak 2015eko udan irekiko dira, ikasturteka baitoaz.

2) Euskalgintza deialdia: 979.200 euro.

Gizarte bizitzan oro har (bereziki aisialdian, kiroletan, kultur jardueratan eta testuinguru ez-formaletan) euskararen erabilera pribatuentzat zuzendutako deialdia. Proiektuek bultzatu beharko dute, beste gauzen artean:

  • Esparru ez formaletan erabilera sustatzea: aisialdia, begiraleen prestakuntza, eskola - Orduz kanpoko kirol eta kultura jardunak... haurrei eta gazteei zuzendutakoak argiro lehenetsiz.
  • Erdaldun elebakarrei euskara hurbiltzeko ekimenak eta etorkinentzat hizkuntza gaitasuna eta trebetasuna sendotzea.
  • Familia bidezko euskararen transmisioa bermatzen laguntzekoa.
  • Euskarazko irakurzaletasuna suspertzea...

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, 2015eko urtarrilaren 7tik otsailaren 9ra bitartean, biak barne.

3) Euskarazko hedabideei zuzendutako diru laguntzak: 4.875.000 euro.

Egunkari, aldizkari, irrati, telebista eta Internet bidezko euskarazko hedabideren bat egiten duten empresa pribatuentzat zuzendutako diru-laguntza. Deialdi honen xedea da euskarazko hedabideak sendotu, garatu, normalizatu eta eraginkortzea, bezeroei begira irismen maila indartuz.

Diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte, beraz, mota honetako ekimenek:

  • Euskara hutsean egiten den eguneroko prentsa (Euskal Herri mailakoa nahiz tokiko prentsa), eta tokiko edo eskualdeko edo lurralde historiko mailako aldizkariak.
  • Euskara hutsean egiten diren aldizkariak, informazio orokorrekoak nahiz espezializatuak, haurrei eta gazteei zuzendurikoak eta bestelakoak.
  • Irratiak eta telebista lokalak, osorik nahiz partez euskaraz ari direnak.
  • Internet bidezko euskara hutsezko agerkariak.

Euskararen erabilera sendotzea denez deialdi honen helburua, eraginkortasuna lehenetsiko da. Beraz,hedabideak bere eremuan duen eraginkortasuna baloratu eta sarituko da, betiere kontsumitzailearen ikuspegitik aztertuta.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, 2015eko urtarrilaren 7tik otsailaren 9ra bitartean, biak barne.

4) Nagusiki gaztelaniaz diren hedabide idatzien edizio digitaletan euskararen presentzia areagotzeko diru laguntzen deialdia: 400.000 euro.

Nagusiki gaztelaniaz eta egunero editatzen diren komunikabideak egiten dituzten enpresa pribatuentzat zuzendutako diru laguntza. 2014an ireki zen lehen aldiz diru-laguntza deialdi hau. Helburua da, euskararen presentzia areagotzea:

  • Egunero argitaratzen eta nagusiki gaztelania erabiltzen duten idatzizko egunkarien edizio digitaletan.
  • Interneten bidez berriak euskaraz ere zabaltzen dituzten albiste agentzietan.

Deialdi honen helburu nagusia laukoitza da: batetik, euskaldunek informazioa euskaraz jasotzeko duten eskubidea modu eraginkorragoan betetzea. Bestetik, euskal herritarrek kontsumitzen dituzten hedabideetan euskarazko informazioa presente izatea; hirugarrenik, belaunaldi gazteen hizkuntza ohituretan eragitea, komunikazio produktuen kontsumoa egiterakoan euskaraz baliatzeko ohitura sortuz; azkenik, interneteko euskarazko edukiak gehitzea.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, 2015eko urtarrilaren 7tik otsailaren 9ra bitartean, biak barne.

5) IKT deialdia (Informazio eta Komunikazio Teknologiak): 807.500 euro.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskarazko baliabideak eta aplikazio berriak sortzen eta garatzen, eta euskararen presentzia Interneten areagotzeko ekimenak garatzen diharduten enpresa eta entitate pribatuentzat zuzendutako diru laguntza.

Helburua da:

  • Euskarazko atari eta webgune berriak sortzea eta garatzea.
  • Martxan diren webguneetan zerbitzu eta eduki berriak eskaintzea, eta mugikorretarako egokitzea.
  • Softwarea euskaraz sortzea edo euskarara lokalizatzea helburu duten egitasmoak, baita gailu mugikorretan erabiltzekoak ere.

Erabilera denez, eremu honetan, eraginkortasunaren neurri nagusia, bisita eta bisitarien kopuruei edota publiko potentzialari arreta berezia eskaintzen zaie egitasmoak ebaluatzerakoan. Era berean, aisialdia eta entretenimendurako egitasmoak ere lehenesten dira.

Deialdi hau urtarrilean argitaratuko de EHAAn, eta ondoren irekiko dira eskaerak egiteko epeak.

6) LanHitz deialdia: 1.594.800 euro.

EAEn lantokiak dituzten edo kudeaketa egiten duten entitate eta enpresa pribatuei zuzendutako diru laguntza. Helburua da enpresa eta entitate hauen lantokietan euskararen erabilera eta presentzia areagotzea.

  • Euskararen lehen erabilera plana egitea.
  • Urteko garapen kudeaketaren plana egitea.
  • BIKAIN ziurtagiria eskuratzea.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, 2015eko urtarrilaren 7tik otsailaren 9ra bitartean, biak barne.

7) EBPN/ESEP deialdia (2015-2016 urteetarako): 2.771.000 euro.

EAEko udalentzat eta udalez gaindiko organismoentzat diru laguntzak (mankomunitateak, koadrilak). Helburua da udal entitateek Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia / Euskara Sustatzeko Ekintza Plana garatzea, ondorengo jardueren bidez:

  • Aisialdiko eta kirol munduko ekintzetan euskararen erabilera sustatzeko ekimenak.
  • Familia bidezko euskararen transmisioa indartzea.
  • Eskola-giroan baina eskola-orduz kanpoko jardueretan euskararen erabilera sustatzeko ekimenak.
  • Helduen artean euskararen erabilera bultzatzea, Mintzalaguna edo bere gisako egitasmoen bidez.
  • Euskara etorkinei gerturatzeko saioak...

Deialdi hau urtarrilean argitaratuko de EHAAn, eta ondoren irekiko dira eskaerak egiteko epeak.

Bestelako diru laguntzak: 3.336.630 euro.

Orain arte azaldutakoak deialdi bidez emango diren diru-laguntzak dira. Baina Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ematen dituen diru-laguntzen artean badira deialdi hauetatik aparte hitzarmen bidez eta proiektu berezietarako berariazko laguntzen bidez sailburuordetzak egiten dituen ekarpenak. 2015an era horretako ekimenetarako 3.336.630 euro destinatzea aurreikusten dugu. Honako hauek izango dira onuradunak: Euskaltzaindia, Euskaltzaleen Topagunea, Labayru, EHUko Euskara Institutua, EHUko Unescoren Katedra, EUDEL, UEMA, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Tokikom, ONCE, EIZIE, Galtzagorri Elkartea, Mintzola, Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, Nafarroako EKE eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa-Office Publique de la Langue Basque.

 

Erantzun

Sartu