Teknologia albisteak

Android 5 euskaraz? Oraindik ez... baina bidean!

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu.eus
2014-11-18 : 11:43
Googlek urrian jakinarazi zuenez, Android sistemaren hurrengo bertsioa 68 hizkuntzatan erabili izango da, horien artean, lehenengo aldiz, baita euskaraz ere. Sistema eragile berriaren izena Android 5.0 Lollipop izango da. Euskararekin batera beste 14 hizkuntza gehituko dituzte bertsio honetan, hala nola, galiziera, islandiera, eta tamila. Dagoeneko hilabete pasa da jakinarazpen hartatik, eta oraingoz ez da euskararik ageri eguneraketa berrietan. Baina ba omen dator... 

Sustatun bertan aipatu genuen bezala, Googlek albiste ona iragarri zuen urria erdialdean: bere hurrengo Android bertsioan (Android 5.0 Lollipop) euskaraz ere erabili ahal izango dugu. Albiste ezinhobea da, gaur egun darabiltzagun telefono eta tabletetan gehien erabiltzen den sistema eragilea delako Android, eta euskaraz konfiguratu ahal izatea aurrerapausu handia delako.

Gutxinaka gutxinaka gure gailuetan hasi dira Android bertsioak eguneratzen (lehenengo Google gailu berrienetan izan zen, egunotan Nexus gehientsuenetan, laster beste marka batzuetako gailuetan...); baina Googlek horrela agindu arren, euskararik ez da oraingoz azaltzen Android 5ean. Guk ez dugu lortu, behintzat, hainbat gailutan eta modutan probatu arren, eta Twitterren ere horrela aipatu izan dute hainbatek (Larreategik eta Ayestak, adibidez). Inork lortu du? Nexus 9 berrietan agian? 

Euskaldunok ez ezik, Galegoek ere arazo berbera dute (galiziera ere agertu behar omen zen eguneraketa honetan). 

Hala ere, Googlek bere kodea erakusten duen gunera sartu eta iturburu-kodea aztertuz gero, itzulpenak bertan daudela ikusten da, nahiz eta eguneraketetan ezin erabili, oraingoz. Etorri badator; hortaz, pazientzia beharko!

Ea datozen egunotan, Android eguneraketak hedatu ahala, eta gailu guztietara zabaldu ahala, Android euskaraz ikusterik daukagun!

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu