Teknologia albisteak
3

Lumentxako bisonte paleolitikoak, grafito modernoen azpitik berreskuratuak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2014-05-28 : 09:50
Joan den astean aurkeztu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak Euskal Herrian publiko egindako arte paleolitikoaren azken aurkikuntza. Bi bisonte eta zaldi buru bat, Lea-Artibai eskualdeko Lumentxa mendiko leizean.
Joseba Ríos eta Diego Garate arkeologoen aurkikuntza 2012an gertatu zen. Arkeologo hauetako baten izena (Garate) errepikatzen da duela gutxi izandako beste aurkikuntza handi batean: Altxerriko kobazuloko margo askoz ere zaharragoak.

Kasu batean eta bestean, denborak edo ondorengo giza-interakzioak aldatutako hormetan, marra eta margo originalak berrikusteko teknikak erabili izan dituzte arkeologoek.


Argazkiak.org | Blokietan 2 © cc-by-sa: ades

Lumentxa aski ezaguna da espeleologoentzat, eta bisita ugari dituen koba da. Goiko irudi honetan, ADES espeolologia taldekoak ikusten ditugu 2010eko argazki batean (artikuluan Garratxa ikusiko duzue, haitzuloaren izena hori baita; mendiari esaten zaio Lumentxa edo Lumentza), eta begira daude, hain zuzen, parean duten margotutako harrira. Baina ez ikerlariek ikusitako bisonteei, baizik eta bertan dauden grafitoei, izan ere URIBE eta beste izen horiek okupatzen dute harriaren parte handienak.



Margo hauek gehienak 1868tik honakoak dira. Isabel II.a Espainiako erreginak orduan bisitatu zuen leizea, ohitura baitzuen Lekeition oporrak egiteko (I. Errepublika proklamatu zuenean, erbestera ihesa ere Lekeitiotik egin zen).

Orduan ez zekiten askorik arte paleolitikoaz: 1879an topatu zituzten Kantabrian Altamirakoak, eta ez ziren benetakotzat jo 1902. urtera arte. Eta artea egon arren ere, paretetan grafito eta izenpeak uztea, tamalez, 19. mendean hasi eta 20. mendean ere jarraitu izan duen ohitura da. Gaur egunean, espeleologo taldeak arduratsu ibiltzen dira, baina arriskurik bada oraindik ere. Oier Gorosabel espeleologo eta ADESeko partaideak esan du Eibartarrak posta-zerrendan:

"Pasiatzera sartzen dan jentia ez da arriskutsua, ez dabe ezer hondatzen. Pinttau be, gero eta gitxiago pinttatzen da (ondiok ba dagoz artaburu batzu, halan be). Benetako arriskua arkeologuetara jolasten ibiltzen dan jentia da: zientziarako material pillua galtzen da halan, testuinguruik kanpo etarata (estratigrafia orijinalak, pieziak berak baiño informaziño gehixago emoten dau askotan), eta jakiña, museora barik norbere etxera eruanda."

Lumentxakoari buruzko informazio osoa, Kobie aldizkariko PDF honetan aurkituko duzue.



Margoak datatu dituzte magdaleniar aroaren amaieran, duela 14.000 eta 12.000 urte inguru da hori. Adi denbora eskalari, hori gertuago baitago guregandik, Lumentxakoa Altxerriko lehoinabarretik dagoena baino.



Uste dugu arkeologo talde hauek erabiltzen ari diren azterketa zehatz eta teknikekin, Euskal Herriko kobazuloetan arte paleolitikoaren aztarna gehiago aurkituko dituztela aurrerantzean. Erreplikak egiteko moduko gauza espekatkularrak zaila izango da, baina pentsatzekoa da bisonte, zaldi eta beste animalia batzuk, milaka urtez ikusi gabeak, "ber-margotuko" dituztela zientzialari hauek beren ikerketen bidez.

Erantzunak

2014-05-28 : 19:35

Askondon (Mañaria) ere gauza antzekorik gertatu zen, jendea pasatu zen zaldien aurretik milaka aldiz eta pinturak ikustea hain zaila zen ze bertako espeleologoek kobaren sigla zaldi baten barruan jarri baitzuten. Orain dela bi urte Busturian esan genuen bezala elkarrekin lan egin behar dugu!!

Ah! Eta Kobieko artikuluan esaten dugu ere Garratxa izena ere duela, baina Arkeologoen artean Lumentxa erabiltzen da. Lumentxa edo Lumentza den polemikan jada ez naiz sartuko.

Artikulu polita!, eta erreginaren bisitarena ez genekien... Barruan beste pintada bat Baldomerori dedikatua ere ikusi genuen...

2014-05-29 : 15:48

Eskerrik asko, Joseba Rios Garaizar: eta zorionak, aurkitzaileetako bat zeu zarenez, baita ondorengo ikerketaren egileetako bat, Kobien irakurri dugunez. Mañariako horiek... inon ikusterik badugu? irudirik edo?

Bestalde, Oier Gorosabelek argitu digu ADES taldearen argazkian bi pertsona horiek ez daudela panelera begira, baizik eta panelean bertan, bat jarrita, ikus dezakezuenez.


Argazkiak.org | Blokietan 2 © cc-by-sa: ades

2014-06-02 : 09:34

Bai, bai, panelean bertan zegoen, eskerrak ez situela hankak dilindan jejejje.

Askondokoa hemen daukazue deskargatzeko:

http://www.bizkaia.net/kultura/ondarea/kobie/argitalpenak.asp?ID=84&imagen=bai2.jpg&serieID=7

Esandakoa, artikulu polita eta esker mila interesagatik!

Erantzun

Sartu