Teknologia albisteak
1

Hekimenen erantzuna Euskararen Jatorria elkarteari

Erabiltzailearen aurpegia
Iban Arantzabal eta Iban Arregi (Hekimen)
2013-06-03 : 19:57
Euskal hedabideek elkarrekin sortutako Hekimen elkartearen ordezkariak garen aldetik, guztiz onartezinak, zuzengabeak, ezegokiak eta faltsuak  iruditzen zaizkigu Euskararen Jatorria elkarteak Berria, Hekimen Euskal Hedabideen Elkartea eta Hekimeneko zuzendari Alberto Barandiaranenkontra egindako kritikak. Ez gara sartuko elkarteak Barandiaranen kazetaritza lanaren kontra erabiltzen dituen argudioak banan banan eraistera, horretarako aukera ugari eduki arren.
Euskararen Jatorria elkarteak zabaldutako oharrari dagokienez, puntualizazio bat. Larunbatean Berria egunkariak egin zuen batzar nagusian, Martxelo Otamendi zuzendariak ez zuen bakarrik esan bera ez zela arkeologoa, edo Alberto Barandiaranek argitaratutako lan horiek guztiak egunkariak ordainduta egin zituela. Otamendik nabarmendu zuen argitaratutako guztia Berriaren ildo editorialaren barruan argitaratu zela, zuzendaritzaren babesarekin. Eta azpimarratu "Barandiaranek urteetan Berrian izandako profesionaltasuna eta egindako lan bikaina". Ñabardura oso garrantzitsua da, Euskararen Jatorria elkarteak isildu duena.

Hekimenen izenean, azkenik, adierazi nahi dugu zuzendariak gure konfiantza eta babes osoa daukala. Alberto Barandiaranek hogei urte baino gehiago eman ditu euskal kazetaritzan, eta bere ibilbidea jarraitu dugunok ezagutzen dugu bere konpromisoa, bere dedikazioa eta bere ardura. Alberto Barandiaran hautatu genuen balekoa delako HEKIMENen kudeaketa posturako, eta jakin badakigulako zelan dabilen elkarte honetatik tiraka. Horregatik jarraituko du hedabideentzat hain garrantzitsua den elkarte honetan zuzendari.

Erantzunak

2013-06-04 : 20:14

Euskararen Jatorria Elkartearen erantzuna:

Euskararen Jatorria Elkarteak ez du ezer isildu. Euskararen Jatorriak ez dauka larunbatean Berria egunkariak egin zuen batzar nagusiaren bideo-grabaketarik. Eskuratu ahal izanez gero hitzez hitz aztertuko ditu han esandakoak.

Euskararen Jatorria Elkarteak ez dauka inolako arazorik ez Berriarekin ezta Hekimenekin ere. Alberto Barandiaranek Iruña Veleiareko eskandaluan egin dituen frogarik gabeko akusazioekin baizik. Martxelo Otamendi arkeologoa ez den moduan Alberto Barandiaran ere ez da arkeologoa, eta hala ere frogarik gabeko akusazioak egin ditu. Ez zaigu jokabide zintzoa iruditzen, eta beraz ez zaigu profesional aproposa iruditzen Hekimenen zuzendari izateko. Berriako zuzendari den Martxelo Otamendik babesten badu berak jakingo du, arkeologia ez den beste zein arrazoiengandik.

Bai Berria eta bai HEKIMEN behar beharrezkoak jotzen ditu Euskararen Jatorriak, ezinbestekoak, euskararentzat eta Euskal Herriarentzat, estrategikoak, Iruña-Veleia Euskal Herriko ondarearentzat estrategikoa den moduan: euskara historikoa argitzeko, euskararen normalizazioa bultzatu behar duten teknikarien prestakuntza hobetzeko (Euskal Filologia ezin da arkeometriak esan diezagukenaren kontra eraiki) eta Arabako euskara ezagutzeko, besteak beste.

Erantzun

Sartu