Sustatu logoa Teknologia albisteak

1.000 sarrera gehiago sartu dira Wikipediaren euskarazko edizioan

HPS - Munduoro
2012-12-19 13:08

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ekimena da, eta sarrera horiek guztiak sarean jartzeko lan teknikoa Elhuyar Fundazioak egin du, Eusko Jaurlaritzaren aginduz.

Horrenbestez, 2011an abian jarri zen proiektuari jarraipena eman nahi izan zaio, eta, horretarako, esparru horretan bi lan nagusi egin dira aurten:

  • Batetik, beharren eta hutsuneen azterketa egin da. Hau da, euskarazko wikipedia aztertu da eta bestelako hainbat hizkuntzetako wikipediekin erkatu. Informazioa landu eta hizkuntza gehienetan jasota dauden sarreren zerrenda osatu da. Azkenik, zerrenda hori “garbitu” egin da, zehaztutako hainbat irizpide kontuan izanik.
  • Bestalde, osatutako zerrenda horretatik 1.000 bat sarrera aukeratu dira 2012. urtean landu eta wikipedian txertatzeko. Sarrera horien artean leku-izenak daude, pertsonaia historikoen izenak eta gizarte-gaiekin loturiko izenak, besteak beste.

Euskararen erabilera esparru guztietan sustatzeko, herritarrei baliabide eta tresna berriak ematea ezinbestekoa da, teknologia berrien arloan bereziki. Testuinguru horretan kokatzen da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazko eduki entziklopedikoak sarean jartzeko helburuarekin garatu duen egitasmo hau.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu