Teknologia albisteak

Debagoieneko Ospitale berria bete betean ari da lanean

Erabiltzailearen aurpegia
Nerea Zubiete. Debagoieneko Ospitaleko Komunikazioa
2012-06-20 : 09:06

Asteburuan instalakuntza berrietara zerbitzu guztiak eraman eta larrialdiko lehenengo ebakuntzak eginda, ekainaren 18an bete betean hasi zen lanean Debagoieneko Ospitale berria. 6 kirofano ditu, Anestesia osteko Bizkortze Unitatean gaixo gehiagorentzako tokia eta gauak igarotzeko aukera, 3 erditze gela, larrialdietan box bat eta isolamenduko bat, digitalizazio osoa eta intimitatea bermatzeko instalakuntzak eskaintzen ditu, besteak beste, erietxe berriak.

Puntako teknologiaz hornituta dagoen Debagoieneko Ospitale berriak abantaila nabarmenak ekarri ditu, hala nola, urgentzietako ebakuntzen tramiteak arintzea kirofano gehiago daudelako eta horietako bat urgentziazko ebakuntzetarako propio delako. Larrialdietan ere, instalakuntza hobeak izateaz gainera, box kopurua handitu da, 11 dira orain guztira, eta helduentzako eta pediatriarako zirkuituak bereiztu dira. Endoskopia unitate berriak hobekuntza nabarmenak ditu, besteak beste, bi gela direlako orain eta gaixoak Anestesia Osteko Bizkortze Unitatean bukatzen dutelako prozesua.

Digitalizazio osoa

Ospitale berriak ekarri dituen hobekuntzen artean, digitalizazioa eta horrek dakarren segurtasuna eta azkartasuna nabarmendu behar dira. Larrialdietako prozedura guztiak berehala txertatzen dira sarean, gaixo bakoitzaren historialean, une oro segurtasuna bermatuz eta edozein tokitatik erabilera eta kontsulta ahalbidetuz.

Erradiologia eremuan ere froga guztiak digitalizatuta daude eta sareko edozein unitatetik kontsulta daitezke edo diagnostikoa egin edo osatu. Horrek guztiak gaixoen segurtasuna handitzen du, tramiteak azkartzen ditu eta profesionalen arteko koordinazioa nabarmen handitzen du.

Debagoieneko ospitalean erditzea,toki askotako bikoteen aukera

Ospitale berria zabaldu eta hurrengo goizean haur bermeotar bat jaio zen Arrasaten. Oso argi zuen Bermeoko bikoteak "errespetuzko erditzea" nahi zutela eta, informatzen ibili ondoren, Arrasateko protokoloaren berri izan zuten. Ospitale zaharra zegoen orduan, baina euren aukera errespetuzko protokolo hori izan zen.

Erditzeko ordua iritsi zenean, Roberto eta Olatz bermeotarrek Arrasaterako bidea hartu eta, sorpresa! Ospitale berria estreinatu zuten! Hala ere, behin eta berriro azpimarratu dute eurentzako garrantzitsuena izan dela erditzeko prozesu osoan izan duten kalitate handiko atentzioa. Ez zaie damutu egindako aukera eta berriro ere egingo luketeela diote. Ospitalea ere pozik, oparitxo bat egin die.

Ikusgarria kanpotik eta barrutik

Kolore eta forma ikuskarriak ditu eraikin berriak fatxadan. Hori izan da ezaugarririk handiena orain arte. Baina barrura sartzean, hartzen dugun inpresioa ere oso atsegina da. Eraikun berriak oso diseinu funtzionala du, egin behar duen lanerako egokitutakoa, argitasunarekin egoki jokatzen du eremu bakoitzari une bakoitzean behar duen argi mailari egokitzen utziz eta, baita ere, kanpoko fatxadaren koloreekin jokatu du barrukaldeari ere dinamismoa emanez.

Froga kliniko eta medikoak egiteko eremuetan segurtasuna eta intimitatea bermatzeko espazioak sortu dira eta ospitaleratze eremuak ere banatu dira. Bigarren solairuan ospitaleratze kirurgikoa dago eta banakako gela ugari ditu. Hirugarren solairuan ospitaleratze medikoa dago eta, lehen solairuan bezala, binakako gelak handiagoak dira eta egokituta daude intimitatea hobeto gordetzeko.

Laugarren solairuan Ama-Haurren unitate berria dago, banakako bost gelarekin. Gainontzekoak binakakoak dira, baina ahal den neurrian era indibidualean erabiliko dira. Solairu honetan ginekologia eta pediatria eremuak ere aurkituko ditugu.

Erantzun

Sartu