Teknologia albisteak

Edo Argitaletxea: solasaldi bat aste honetan, eta segituan martxa betean

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2012-06-19 : 10:06

Zenbait lagun euskarazko argitaletxe bat antolatzen ari dira, modelo ireki baten gainean, Edo Argitaletxea. Neu ere tartean naiz, eta pare bat bileratan egon ondoren, haien berri eman nahi nizueke. Bestalde, ekitalditxo bat ere egingo dute aste honetan Donostian, ostegunean, gehiago jakin nahi duzuenontzat: argitaratuko duten lehen liburuetako bat antzezlan bat denez, ba horren antzezpena, eta gero solasaldia.


Argazkiak.org | Eta Karmele antzezlana: Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias aktoreak. © cc-by-sa: argitaletxeaedo

Edo Argitaletxea euskalgintzako zenbait lagunek antolatu izan dute azken hilabeteotan. Postontziz postontziko mezuetan, eta ahotsez ahots zabaldu dute, eta orain, harpidedun eta bazkide kopuru nahikoa lortzeko doi doi daude, azken urratsa eman, argitaletxea sortu eta lehen liburuak argitaratzeko.

Funtzionamenduari dagokionez, kultur elkartea izango dira, eta bazkideak izango dira jabeak. Baita gauzak aurrera aterako dituzuenak ere bai: ez da egongo langilerik edo bulegorik. 50 bazkide dute jomuga, eta 150 harpidedun (liburu erosketaren konpromisoa izango dute). Horrekin funtzionatuko du. Bazkideak 100 euroko aportazioa ordainduko du, eta bueno, funtzionamendu nahiko horizontalarekin ari dira, gustua ematen du, posta-zerrenda batekin eta. Bazkide/harpidedun kopuru optimoetan edo oso gertu daude, baina jende gehiago animatzea ondo etorriko zaie.

Helburuen aldetik, bide zaila luketen lanak atera nahi dituzte papera, sarean dauden literatur kontuekin zubiak eraiki, digitalki ere argitaratu, pentsamendua eta eztabaida sustatu...

Papereko liburuei dagokionez, hiru sail edo sortarekin hasiko dira, eta tematikoak baino gehiago, formatuari dagozkio sail horiek.

Begikoak bilduman irudia landuko da, eta sortzaileren lanekin irtengo dira lehen bi liburuak:

Literola bilduman, lan mardulagoak agertuko dira. Eta bat dute labetik ateratzeko gertu:

  • Gen Eroa deseraikitzen. Artikulu feministak (edo transfeministak) zenbait egilerenak, tartean Itziar Ziga eta Beatriz Preciadorenak.

Eta azkenik Xortak izeneko formatu txikiko labetan hiru liburuxka etorriko dira:

  • Harkaitz Canoren hitzaldi batetik abiatuko den saiakera bat.
  • Hormako paper horia, Charlotte Perkins-ena (The Yellow Wall-paper), Ana Moralesek itzulia
  • Eta Karmele? antzezlana, Samara Velterena.

Azken lan hori, hain zuzen ere, antzeztu egingo dute ostegun honetan, 19.30etan, Donostian, Kaxilda liburudenda berrian egingo den ekitaldi batean (Amara zaharrean dago hau eta antzezpena aldameneko frontoitxo batean izango da). Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias aktoreek taularatuko dute Samara Velteren testua. Ondoren, 20.30etan, Edo Argitalatxearen ildoa azaltzeko agerpentxo bat egingo da.

Interesa duzuenok han azalduz kontaktatu dezakezue, eta baita web bidez ere:

Erantzun

Sartu