Teknologia albisteak

Twitter bidezko heriotza

Erabiltzailearen aurpegia
Iban Zaldua
2012-05-22 : 11:05

Biodiskografiak irakurraldia Euskal Herriko geografian zehar paseatzen hasi zirenetik, Xabier Montoia, Ibon Rodriguez eta Iban Zalduak ipuin berri bat eskaini dute saioaren amaieran, azken horrek idatzia, Twitter bidezko heriotza izenburukoa, eta harekin batera Lily Allen kantari britainiarraren Smile abestiaren bertsioa. Orduz geroztik errezitala aldatzen joan da, eta ipuin horren ordez beste berri bat hasi dira irakurtzen, Richard Hawleyren disko batekin lotua. Horrexegatik, eta ipuina Biodiskografiak liburuan ez dagoelako, eta gaur maiatzak 22 agian azkenekoz eskainiko dutelako irakurraldia (Gasteizko Parral tabernan, 20.30tan), eta, azken finean, ipuinak zer ikusi zuzena duelako Interneteko mundu honekin, interesgarria iruditu zaigu Sustatun argitara ematea.

Twitter bidezko heriotza

Twitter bidezko heriotza

Lily Allen
Smile (single)
Regal, 2006.
(Xabier Montoiarentzat)

Aitor dut: beti izan dut nire hiletara joateko desio sekretua. Bertan egon, hurbildutakoen artean nahasi, apaizak edo –ekitaldia zibila balitz– zeremoniaren gidariak eta hizlariek nitaz esaten dituztenak entzun, eta, batez ere, ondoren, irteeran, taldetxoen artetik ibili eta jendeak komentatzen duena aditu. Ez dakit oso desio zabaldua den ala ez, baina ez dut uste halako zerbait pentsatu duen lehenengoa naizenik, ezta azkenekoa ere. Baina, onar dezagun: norberaren hileta antolatzea, garestia suertatzeaz gain, konplikatu samarra da, eta, lortuta ere, bertaratuen artean nahastea, errekonozitua izan gabe, are zailagoa.

Horregatik bururatu zitzaidan sare sozialen aroak aukera on bat eskaintzen zidala nire ametsa betetzeko, zeharka bada ere; Lily Allen kantariaren bideo maltzurño bat ikusten eta entzuten ari nintzela etorri zitzaidan gogora kontua. Lehenik eta behin Twitter-eko kontu bat sortu nuen, ez nire izenean noski –baneukan jada halako bat–, ezizen batekin baizik; abizen euskaldun arrunt bat hautatu nuen, Agirre, eta kutsu teknofiloa izan zezakeen eranskina gehitu nion aurretik, @MetaAgirre, interesgarriago egiteko-edo –beste batzuk probatu eta baztertu ondoren: @MegaAgirre, @ElektroAgirre, @GigaAgirre…–. Nire jatorrizko Twitterreko jarraitzaile guztien jarraitzaile egin nintzen ondoren, eta ohiko mezu motak hasi nintzen jaurtitzen itsaso digitalera: entzuten nituen diskoei buruzko iruzkin onanistikoak, eguneroko bizitzako jarduera gatzgabeen inguruko berriak, autopropaganda-saioak, nazioarteko albiste ustez interesgarrien erreboteak, are euskal egoera politikoaren bilakaerari buruzko hausnarketa abertzale eta epel samarrak… nire jatorrizko Twitterreko kontuan idatzi ohi nituenen antzeko gauzak, alegia, baina tonu eta idazkera nahikoa desberdinez, argi gera zedin ez nintzela ni. Hasieran ez nituen jarraitzaile asko bildu, ulergarria den bezala, baina hori ez zitzaidan sobera inporta. Lortu behar nuena, hutsik egin gabe, zen @MetaAgirre nire adiskide mina zela sinestaraztea. Hala, noizean behin mezu bat bidaltzen nion neure buruari, hots, nire “benetako” kontuari, tontakeriaren bati buruz, edo txantxa bat eginez, duela gutxi elkartu izan bagina bezala adibidez, edo afari alkoholiko bat konpartitu izan bagenu bezala.

Irentsi egin zuten, edo, behitzat, hala iruditu zitzaidan niri. Esan bezala, ez nituen jarraitzaile asko, baina nahikoa ziren nire asmoetarako. Hala, nire “heriotza” prestatzen hasi nintzen. Lehenik eta behin, baja hartu nuen lanean; ez zitzaidan gehiegi kostatu nire sendagilea konbentzitzea, eta, berariaz, lantokira baja-partea helarazteaz gain, ez nion inori nire “gaixotasunaren” xehetasunen berririk eman. Gero, ezabatu nintzen: telefonoak, finkoa eta mugikorra deskonektatu, mezu elektronikoak idazteari eta erantzuteari utzi, eta etxean entzerratu nintzen, atea inori ireki gabe; @MetaAgirre-rena izan zen, zer esanik ez, aktibo mantendu nuen nire jardun bakarra. Noizean behin, gainera, mezuren bat bidaltzen nion handik nire “ni berdaderoari”, kezkatuta egongo banintz bezala: “Telefonoa hartuko didak, behintzat”, bota nuen azkenekoan.

Mezu hori bidali eta biharamunean idatzi nuen albistea: “Iban Zaldua hil da”. Osteguna zen, eguerdia baino lehenago, interneten trafiko handiena ibili ohi denean. Handik gutxira “Bihotzekoak jota hil da Iban Zaldua. Atzo gauean aurkitu zuten gorpua bere etxean”: xehetasunak inportanteak dira egiantzekotasuna emateko. Ondoren, niri zuzendutako lehenengo mezuak agertzen hasi zirenean, erantzuten ibili beharrik ez izateko, “Ezin dut pantaila aurrean geratu. Ezin dut” dramatiko bat idatzi, eta ikuskizuna adi jarraitzeko prestatu nintzen, @MetaAgirreri zuzenean egindako galderei jaramonik egin gabe.

Eta, bai, hileta osteko lagun-taldeen artean ibiltzea bezalakoa izan zen, edo horretara gehien hurbiltzen zena, baina abantaila batekin: ezer idazten ez baduzu, inork ez daki bertan zaudela, begiratzen; Twitterrek, azken batean, jarraitzen dituzunen eta ez dituzunen mezuak ikusteko aukera eskaintzen dizu. Albistea bizkor zabaldu zen sarean. Mezu gehienak doluzkoak ziren, espero izatekoa zen bezala, eta batzuek bereziki hunkitu ninduten –baina ez ditut hemen errepikatuko: nire lotsagabezia ez da horren urrun iristen…–. Irribarrea gehien piztu zidatenak, ordea, zuzenean edo, gehienetan, zeharka “bainaren” bat planteatzen zutenak izan ziren: halakoak dira, azken batean, norberaren hiletan aditu nahiko genituzkeenak, eta, ziurrenik, baita zintzoenak ere. Horiek ere, ordea, niretzat gordeko ditut, eta ez ditut hemen kopiatuko, ez baitira kontakizun honetako gai nagusia. Bakarrik gehitu nahi nuke hala batzuek nola besteek nire aurreikuspenak bete eta, batzuetan, are gainditu zituztela.

Izan ere, ordubeteko kontua izatea zen nire asmoa: ez nuen nire adiskideen eta senideen atsekabea gehiegi luzatu nahi. Beraz, denbora igaro zenean, telefonoak atzera konektatu –ez nuen imajinatu nahi ere zenbat dei jaso izango nituzkeen, baldin eta martxan utzi izan banitu–, eta gezurtapena idazteko prestatu nintzen, nire Twitter kontutik bertatik. Erantzukizun guztia @MetaAgirreri egotziko nion, noski: ez nekiela nondik atera zuen zentzugabekeria hura, gustu txarreko broma zela, ni gripe soil batekin nengoela ohean… baina ezinezkoa izan zitzaidan nire Twitterreko kontuan sartzea –“Oops something went wrong. We can’t load this data due to an external error. Please try again shortly”–. Ezizena eta gakoa sartu, eta programak huts egiten nuela abisatzen zidan etengabe, edo @MetaAgirreren kontura eramaten ninduen, bestela. Hasieran ez nintzen gehiegi larritu, halako gauzak nahiko maiz gertatzen direlako Twitterren. Baina minutuek aurrera egin ahala gero eta urduriago jartzen hasi nintzen.

Programak erantzuten ez zuela konprobatu nuenean, telefonora jo nuen: nire gurasoek ez daukate internetik, eta, ondorioz, albistea haiengana heltzerako denbora dezente pasako zela kalkulatzen nuen, baina, hala ere, ez nuen gehiegi berandutu nahi, eta haien etxekoa izan zen markatu nuen aurreneko zenbakia. Linearen beste aldetik, ordea, isiltasunak erantzun zidan. Aberia bat, pentsatu nuen. Baina sakelako telefonoari berdin gertatzen zitzaion, ez zen piztu ere egiten, bateria kargatu berria zegoen arren. Okerrena zen ez nuela inondik ere topatzen kargadorea.

Ordenagailura itzuli nintzen, Twitterrek nire kontura sartzeko baimena emango zidan itxaropenarekin. Berdin jarraitzen zuen, ordea. @MetaAgirre erabil nezakeen bizirik nengoela aldarrikatzeko, baina hori txantxa agerian uztea zatekeen, eta ez nuen nire turko-burua alferrik galdu nahi: ez oraindik behintzat. Itxarotea deliberatu nuen.

Baina ez zen ezer aldatu: handik ordu erdira telefonoek berdin-berdin jarraitzen zuten, isilik, eta nire @IbanZ kontuak hasieran bezala, ezin zabaldu. Laneko posta elektronikoan ere pasahitzak ez zuen funtzionatzen, eta webmasterrak geroago saiatzeko eskatzen zuen behin eta berriro, ohartxo baten bidez. Erabat asaldatzen hasi nintzen orduan, eta kalera irtetea erabaki nuen, bizirik nengoela lau haizetara aldarrikatzera, eta funtzionatzen zuen telefono baten bila. Eta orduantxe ohartu nintzen ez neukala etxetik ateratzeko modurik, etxerik ez zegoelako: nolabaiteko paisaia lainotsu baten erdian nengoen eserita, eta nire gela desagertua zen; ez zegoen ez aterik ez leihorik batere, soilik ordenagailuaren pantaila, teklatua eta sagua, espazio nabar batean flotatzen, gauza horiek hari ikusezin batetik zintzilik egongo balira bezala.

Bitartean, Twitterren, nire heriotzaren inguruko albisteak bakantzen hasi ziren. Haietako batean iragarri zuten biharamunean egingo zela hileta-elizkizuna. @MetaAgirre erabiltzea beste irtenbiderik ez neukan. Hiru mezu idatzi behar izan nituen dena broma bat izan zela azaltzeko: konturatu nintzen ehun eta berrogei karakterek ez dutela zuribide on baterako tarterik eskaintzen. Ez nengoela hilda, josteta izan zela dena, txantxa, olgeta, adar-jotzea. Barkatzeko. Mesedez. Arren.

Alferrik izan zen. Tuiterlari gutxik egin zioten jaramon nire oharrei, eta kasu egin ziotenek nire jarrera itsusten zuten: kontu horiekin ez dela jolasten, hildakoaren memoria horrela zikintzea errespetu falta lotsagarria zela…; ordurako inork ez zuen gogoan, antza denez, albistearen jatorria. Nik insistitu nuen, baina ezin izan nuen ezer lortu; izan ere, denbora gutxian nire jarraitzaile gehienak galdu nituen. Imajinatzen nituen, pantailaren beste aldean, nire profilean “Unfollow” sakatzen, destainaz. Biharamunean, gaua lo egin gabe igaro ostean, gaiari buruzko mezu gutxi batzuk irakurri ahal izan nituen, haietako batzuk hiletaren ingurukoak, edo elizkizunaren ostekoak: itxura guztien arabera, apaiza oso ondo egon zen. Gero, Twitterrek bere ohiko martxarekin jarraitu zuen, eta niri buruzko oharrak desagertzen joan ziren; ordurako argi zegoen Twitterrerako sarbidea baizik ez nuela, debekatuta neuzkala interneteko gainontzeko lurraldeak, eta, jakina, baita mundu erreala bera ere, hori zer izan daitekeen, zehazki, gero eta gutxiago dakidan arren.

Mezu batzuk bidaltzen saiatu naiz, nire ahotsa nabarmentzen, bizirik jarraitzen dudala aldarrikatzen, baina inork ez die kasurik egiten @MetaAgirreren tuitei. Istorio hau kontatzeko ahaleginak egin ditut, baina mezuen laburrak ez dit aukera handirik ematen. Beste bide batzuk hartzen saiatu naiz; oraingoz ez dut ezer lortu, ordea. Baina ez naiz errendituko. Izan ere, interneteko lagun hori, kontakizun hau irakurtzera iritsi bazara, seinale Sustatun zintzilikatzea lortu dudala, azkenik, eta arrakastaz estekatu ahal izan dudala.

Hala bada, adiskide, egin retweet, eta zabal ezazu istorio hau ahalik eta gehien. Mesedez. Hauxe da nire hondarreko itxaropena.

Erantzun

Sartu