Teknologia albisteak

OEE-Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen adierazpena, Osakidetzan zerbitzu eta langile elebidunak identifikatzeko proiektuari buruz

Erabiltzailearen aurpegia
OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea
2012-03-16 : 12:03

Berriki prentsan argitaratu da Osakidetzak eskuetan baduela sistema integral bat eskaintzen dituen zerbitzu elebidunak herritar euskaldunen aurrean identifikatzeko, bai langile bakoitzari dagokionez bai unitatearen mailan. Sistema horren helburua litzateke herritarrari osasun-arreta euskaraz jasotzeko bidea erraztea, herritarrak begirada batez jakingo bailuke euskaraz zein unitatek eta langilek artatu ahal duen, haztamuka edo galdezka ibili gabe. Era berean, proiektuak berarekin darama kanpainen bidez herritarrei ezagutaraztea euskara erabiltzeko aukera duela nola jakin, eta erabiltzera animatu ere egiten ditu.

OEEk horrelako proiektu baten aldeko jarrera erakutsi nahi du, euskaldunari ahalik eta gehien erraztu behar baitzaio bere hizkuntzaren erabilera, azken mendeetan kontrakoa egin baita, gero eta eragozpen gehiago jarri zaionez gero, bere hizkuntza alboratu eta bere burua uka dezan. Inflexio puntu bat behar dugu, gauden puntuan gaudela, bazterketa sekular baten bideari kontrako norabidea ematen hasteko. Ordua da, bestalde, Administrazio Autonomikoa legez ezarritakoa betetzen has dadin, berari baitagokio euskaldunari zerbitzua euskaraz eskaintzea, euskalduna herritarra baita, ez heroia, bere lurrean eta bere buruagatik etengabe borrokatzen, eskatzen, aldarrikatzen ibili behar duena.

Zerbitzu-eskaintza eta langile elebidunak identifikatzeko sistema hau oso atzeratuta dator, Osakidetzako euskara-planaren aldia amaitutakoan hain zuzen. Gogora ekarri behar dugu horrelako sistema baten premia aurreko legegintzaldian egindako ebaluazioak mahairatu zuela, eta, tamalez, legegintzaldi honetan Eusko Jaurlaritzak ez duela kemen handirik erakutsi euskara-plana bultzatzeko; aitzitik, gehiegitan, atzera ere egin du. Orain, berriz, aukera du norabide oker hori zuzentzen hasteko, euskara-planaren aldia bukatuta badago ere.

Horregatik, aldez itxaropenez begiratzen diogu atzo prentsaren bidez Osasun Sailak zabaldutako proiektuari, eta aldez errezeloz, gehiegitan gertatu baita arduradun politikoek agerraldietan egindako adierazpenak, sarritan ilusioz hartzeko modukoak, azkenean ezertan ere ez geratzea edo mamirik gabe burutzea. Horren adibidea dugu, Osasun Sailburuak berak legegintzaldiaren hasieran Osakidetzaren euskara-planari buruz aurkeztu zituen neurriak, azkenean ia ezdeus bihurtu direnak.

Beraz, Osasun Saileko eta Osakidetzako arduradunei eskatu nahi diegu Legebiltzarrean aurkeztu duten proiektuaren mamia eta eduki nagusiak eragingarritasunez betetzea. Horretan ahalegintzen badira, zailtasunak zailtasun, gertu eta laguntzeko prest izango gaituzte.

Erantzun

Sartu