Hey neska, Ryan Gosling feminista xarmangarri bat da
Ryan Gosling modako aktorea da, The Ides of March, Drive, The Notebook edo Blue Valentine dira bera agertu izan den filmeetako batzuk. Fotogeniarik duela ezin da ukatu, eta azken hilabeteotan, meme baten protagonista bihurtu da. Bere argazki dedikatuak, neskaren bati mintzo balitzaio bezala.
Meme originalaren guneak ez zuen eduki-ildo berezirik, ez bada Goslingen sexytasun horri irribarrez begiratzea. Baina gerora, aldaera tematikoak agertu dira.
Adibidez
- SEO kontuei buruz, (SEO: Interneteko teknikak Googlen webguneak ondo kokatzeko)
- Liburuzainena
Baina agian zorrotz eta inteligenteena genero ikasketak egiten dituen ikasle baten sorkuntza izan da, Ryan Gosling feminista. Ligatzen duen bitartean feminismoarekin eta genero gaiekin intelektualki inplikatzen den Gosling horri xarma eta ironia berezia dario.

Eta Euskal Herrira ekarriz gero?
Memeak grazia egiten zidanez, gaiztakeriazko unetxo galdu batean pentsatu nuen ea Euskal Herrira ekar ote zitekeen ideia. Gosling euskaraz jarri? edo gure guapo propio bat aukeratu.
Bigarren aukera erabaki nuen. Eta biktima, Beñat Sarasola idazle eta tuiterlaria, Sesisesi lehiaketan euskal internautarik sexyena aukeratu zutena. Mutil guapoa; eta fotogenikoa gero!
Duela hilabete bota nuen harrikada.
Esperantza nuen ea inork jarraituko ote zuen... Ez zen hori gertatu. Baina bigarren bat egin nuen duela pare bat aste, Sarasolari propagandan laguntzeko Bilbon dinamizatzen duen irakurle klubean jendea apuntatu zedin.
Sekulako arrakasta izan omen du deialdi horrek. Bete dira lekuak talde literario honetan.
Eta igaro ziren egunak eta, hara!, esaten dute bada bizitzak artea imitatzen duela? Joan den larunbatean, Ana I. Morales eta Beñat Sarasola feminismoaz iritzi trukean aurkitu nituen Twitterren, identitate eraikuntzaz berriketan. Eta Ryan Gosling feministaren beste honekin gogoratu nintzen, goian itsatsitakoa: Generoa eraikuntza soziala da, baina denok gara mimotiak (gutxi gora-behera). Orduan, Sarasola feminista egitea bururatu zitzaidan. Mezua bi tuiten artean osatu zait eta akats eta guzti joan da, baina hor duzue, Feminist Beñat Sarasola:
Gauza bat gehituko dut bakarrik. Hey Beñat, maite zaitudalako da hau guztiau ;-)
Erantzunak kargatzen...


