Teknologia albisteak

Time-lapse: XIX. mendeko teknika modan jarri denean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-01-19 : 12:01

Time-lapse teknologia ez da bereziki berria, XIX. mende bukaeran erabili baitzen lehenengoz. Hala ere, azkenaldian, abantaila teknologikoak lagun, berpizkunde garaia izaten ari da. Zer den? Argazkiak ateratzen joatea, denbora erreala baino askoz mantsoago, eta ondoren bideo bat sortzea irudi horiei abiadura handiagoa emanez.

The Mountain from TSO Photography on Vimeo.

Time-lapse teknika zinemaren jatorriarekin lotutako teknika artistikoa da. Funtsean, hauxe da: argazkiak ateratzea eta, ondoren, irudi horiek hartzeko erabilitakoa baino abiadura handiagoz bistaratzea. Horrela, mugimendu eta abiadura ilusioa sortzen da.

Esate baterako, eszena bateko irudiak 5 segunduko tartearekin atera ditzakegu, eta ondoren 30 frame/segunduko abiaduraz eman ditzakegu bideo batean. Ondorioz, eszena hori 150 aldiz azkarrago emango dugu. Batez ere, prozesu mantsoak filmatzeko erabili izan da (landareen hazkuntza, izarren mugimendua...), baina denetariko adibideak aurkituko ditugu.

Time-lapseak sortzeko orduan hauexek izan dira gehien landu diren gaietariko batzuk:

Hala ere, mota guztietakoak aurkituko ditugu, honako hau bezalaxe. 22.000 karta erabiliz, hiru egunean zehar AEBko kapitolioaren erreplika eraiki zuen honena:

 

2011: Time-lapseak zabaldu diren urtea

Ezin esan time-lapseak berriak direnik. Lehenengo aldiz Georges Méliès argazkilariak erabili zuen 1897an (Carrefour De L'Opera) eta prozesu biologikoen inguruko lanek bultzada handia eman zioten 1910-1920 bitartean.

Teknika klasikoa izan arren, azkenaldian garapen nabarmena izan dute sarean. Aurreko urteetan lipdubak edo flashmobak protagonista izan ziren moduan, 2011. urtean izugarri ugaritu dira. Ezin ukatu modan daudenik (ikus esate baterako, ondorengo artikuluak: baga eta biga). Youtuben edo Vimeon bilaketa txiki bat ematea besterik ez da behar horretaz jabetzeko.

Zergatik ugaritu dira horrenbeste? Badira arrazoi argi batzuk, adibidez:

  • Erraztasuna: nahiko teknika erraza da, oinarrizko argazkilaritza-ekipo bat eta pazientzia besterik ez dira behar.
  • Ikusgarritasuna: argazki estatikoen bitartez mugimendua sortzea, eta begi bistaz nabaritzen ez diren mugimenduak jaso ahal izatea, oso erakargarria da argazkilari eta artistentzat.
  • Garapen teknologikoak: argazkilaritza digitala, software bereziak, kamerek dakartzaten programatxoak, iPhonerako aplikazioak, edo internetek zabalkunderako ematen dituen erraztasunak... nahikoa arrazoi dira teknika erraz honekin lanean probatxoak egiten hasteko.

 

Nola egin time-lapseak?

Zerorrek ere time-lapseak egin nahi dituzula? Wikipedian informazio ugari eta interesgarria aurkituko duzu, historiaz eta teknikaz. Eta argibideak ere ugari dira sarean, ezaguna den Timelapse Photography: A Complete Guide for Beginners, esate baterako. Zorte on! Ea horrelako lan ederren bat egiterik duzun:

Erantzun

Sartu