Teknologia albisteak

Luis Villasante Euskararen Ikergunea irekiko da ostiralean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-10-26 : 12:10

Euskaltzaindiaren Euskararen Ikergunea Donostian irekiko da ostiralean, eta euskaltzainburu izandako Luis Villasanteren izena eramango du. Era berean, Ibaetako Tolare baserriko egoitza hau, Donostiako Euskaltzaindiaren ordezkaritza izango da.

Tolare baserria 18. mendekoa da eta, izenak berak dioen bezala, baserri-dolarea zen eta inguruko baserrietarako sagardoa egiten zuten. Azken mende erdian hutsik egon da eta, 1998an, Eusko Jaurlaritzak sailkaturako kultura ondare gisa izendatu zuen.

Andres Urrutia euskaltzainburuak prentsan argitaratutako artikulu batean, Ikergunearen nondik norakoak zein izango diren azaldu du aste honetan:

Lehena da ikerkuntza lan hori modu koordinatu batean egiteko premia, egun ikerkuntza arloan diren unibertsitate, hizkuntzaren industria, hizkuntza eragile, irakaskuntza, administrazio publiko eta, orokorrean, euskalgintzaren inguruan ari direnekin. Egin ere, azken urteetan Euskaltzaindiak halako hitzarmenak egin ditu horietako hainbatekin, zertarako eta euskararen esparruan sare iraunkorra ehotzeko, euskarari gizartearen bermea ekarriko diona.

Bigarrena dator beste ikuspegi batetik, hau da, ikerkuntza lan hori taldeka egitetik, talde horietara biltzen direla hainbat ikertzaile eta aztertzaile. Talde horiek dira garai bateko izen eta sona handiko euskaltzale haien lanari segida eman behar diotenak. Horra Akademiaren beste erronka, eta horretarako ere gehitu zaio Akademiaren barruan, lehenagoko lan moldeari, alegia, osoko bilkuraren eta batzordeen lanari, ikerkuntza taldeen ahalegina, hortxe egon daitekeelako gakoa aurrera egiteko, batez ere, talde horiek diziplinartekoak badira, hizkuntza bera, gizartearen barnean errotua egon eta aditu askoren eginahalak eska-tzen baititu.

Hirugarrena dator egun teknologia berriek dakartzaten abantailak profitatzetik, egun guztiz egingarria baita corpus handiak eratzea eta antolatzea, horietan den hizkuntzari buruzko informazioa ukaezinezko oinarria dela hizkuntzaren normatibizaziorako eta gizarte zabalkunderako. Horretan ere, zer esanik ez dago, Euskaltzaindiak gizarteari itzultzen dio, honek ematen dion finantziazio publikoa, guztion baliabideekin ontzen dena.

Laugarrena dator Akademiaren baliabide ekonomiko eta finantzazkoen kudeaketa egokiaren aldetik, irtenbide egokiak bilatuz eta emaitzak gizartean islatuz, are gehiago oraingo garai zail eta latzetan. Horretan ere badabil Euskaltzaindia eta aurki izango du abian bere lehen plan estrategikoa, erakundearen erradiografiarekin batera, egungo inguruabarrei egokitutako kudeaketa-tresnak emango dizkiguna.

Bosgarrena dator beste bide batetik, hain zuzen ere, ezagutza eta jakituria gizartera-tzearen aldetik. Nahitaezko zimentarria da hori euskararen normatibizazio arloan erabaki egokiak hartzeko eta bere estatusa normaltzeko gure gizartean.

Erantzun

Sartu