Teknologia albisteak

Gazte Ekoliderrak jasangarritasuneko liderrak sortzeko programaren bigarren edizioa martxan da

Erabiltzailearen aurpegia
Ekoliderrak
2010-11-16 : 13:11

Gazte Ekoliderrak proiektuaren helburua gazte sare trebatu eta aktiboa sortzea da, Gipuzkoan jasangarritasunaren alde lan egiteko. Horretarako, alde batetik, ingurumena eta jasangarritasunaren inguruko ezagutzak jasoko dituzte, eta bestetik, egungo gizartean lider izateko erremintak ezagutuko dituzte. Urtarrilean hasiko da eta izen ematea irekia dago. ekoliderrak.net

Aurreko edizioaren arrakastaren ondoren, Kutxak martxan jarri du Gazte Ekoliderrak programaren bigarren edizioa. Formazioak hiru atal nagusi ditu: TREBATU fasea; gazteek garapen jasangarriaren eta lidergoaren inguruko eduki eta formazioa jasoko dute; EKIN atala, ordurarte ikasitakoa martxan jarriko dute gazteek; horretarako, partaideek beren herri edo eskualdeetan garatzeko proiektu bat landu beharko dute; IZAN fasea, gazte aktiboek sarean lan egingo dute. Horretarako formazioan zehar punta-puntako formatzaileekin lan egingo dute: unibertsitateko irakasle, erakunde eta elkarteetako ordezkari, mendizale, komunikazio aditu eta abarrekin.

Liderrak eta jasangarritasunaren alde lan egiteko prest Gazte Ekoliderrak egitasmoa 18-29 urte bitarteko gazteentzako formazioa da, bereziki jasangarritasunarekin lotutako gaiekiko interes berezia dutenentzat. Parte hartzeko ezinbestekoak dira, besteak beste, Kutxako bezero izatea eta formazioa euskaraz jasotzeko ulermen maila izatea. Ez da beharrezkoa ikasketa maila zehatzik izatea eta baloratuko da lehendik ere ingurumenarekin zerikusia duten gizarte mailako proiektuetan parte hartu izana. Gehienez 30 lagunek parte hartuko dute taldean.

Donostian, urtarriletik ekainera Ikastaroa urtarrilean hasi eta ekainera arte luzatuko da eta 85 orduko trebakuntza izango da. Gazteak hamabostean behin elkartuko dira Donostiako Zabalegi finkan, ostegunetan, arratsalde osoan zehar formazioa jaso eta saioetan parte hartzera. Horrez gain, bizpahiru asteburutan, ostiraletik larubatera, egonaldiak egingo dituzte ingurumena eta jasangarritasunarekin lotura handia duten leku esanguratsuetan, hala nola, Kutxaren Arotzenea etxea edota Lakabe herria.

Diruz lagunduta Gazte Ekoliderrrak kutxaren Ingurumen Sailak sortutako formazioa da. Rockefeller Fundazioaren LEAD -Inspiring Leadership for a Sustainable World - Mundu jasangarriago baterako lidergo berri bat iradokiz- proiektuan oinarrituta eta aitzindaria da estatuan. Kutxak %80 laguntzen du diruz, honenbestez, trebakuntzaren kostea buruko 3.200 euro bada ere, gazteek 600 euro ordaindu behar dute. Gazte Ekoliderrak programak Donostiako Cristinaenea Fundazioaren eta Eusko Ikaskuntzaren laguntza ere jasotzen du.

Lehenengo edizoa arrakastatsua Lehenengo edizioan, aurtengo otsailetik ekainera egindakoan, 30 gaztek jaso zuten trebakuntza. Ia denak gipuzkoarrak dira, formazioz eta bokazioz perfil oso ezberdinetakoak. Denek dute ordea, zerbait komunean: ingurumenaren eta jasangarritasunaren alde lan egiteko gogoa. Gazteek, formazioa jaso ondoren, lantaldeak osatu zituzten eta lantalde bakoitzak hainbat herri edo eskualdetan lantzeko proiektu ezberdinak definitu zituen. Egun gazte horiek sarean lan egiten dute. Aurreko edizioaren arrakasta eta eskaera ikusita, Kutxak bigarren edizioa jarri du martxan.

Informazioa eta izen ematea: Informazioa : ekoliderrak.net Argibideak: Amaia Otazo 656 767 582

Erantzun

Sartu