Teknologia albisteak

Liburu elektronikoen merkatua, bor-bor

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2010-08-05 : 11:08

Joan den astean gauza interesgarri asko gertatu ziren liburu digitalen merkatuan: Amazonek Kindle irakurgailuaren prezioa 139 dolarretara jaitsi zuen; Copia izeneko enpresa batek iragarri zuen liburu irakurgailu digitala koloretan, are eta merkeago: 99 dolarretan; Barnes & Noble liburu saltzaileak aldarrikatu zuen bere denda guztietan esparru bat irekiko zuela Nook irakurgailu digitala erakusteko; eta azkenik, baina ez azkena, zenbait idazle ezagunek erabaki zuten zuzenean saltzea Amazonen, izkin eginda ohiko argitaratzaileei. Horrek guztiak zer esan nahi du euskal argitaratzaileentzat?

Azken urteotan bi data esanguratsu daude liburu irakurgailu digitalen bilakaeran: 2007an Amazonek aurkeztu zuen Kindle irakurgailua, zeinek berrikuntza franko baitzekarren: pantaila tinta elektronikokoa, liburuak telefonia bidez jaisteko aukera, formatua, etab. 2010ean, berriz, Applek iPad arbel digitala aurkeztu du, eta horrek hankaz gora jarri du berriro irakurgailu digitalen merkatua, halako eran non irakurgailu saltzaile gehienek (Amazon, B&N, Sony…) merkatu behar izan baitituzte beren produktuak. Android arbel digitalak kale kantoian daude, eta horiek ere zaharkin bihurtuko dituzte gaur egungo irakurgailu digitalak, Jason Perlow adituak aurreratu duenez.

Kindle 3.0

Joan den astean Amazonek Kindle irakurgailuaren bi modelo berri aurkeztu zituen: batek 3G eta wifia izango ditu; besteak, wifia soilik. Eta azken honek balioko du 139 dolar. Gaur egungo Kindle honek balio izango du 2007an aurkeztu zen Kindle aitzindariaren herena. The Wall Street Journal egunkariak dio prezio horretan Amazon dirua galtzen ari dela. Jason Perlow adituak, berriz, uste du 99 dolar izango dela dirua galtzeko muga, eta hori Gabonak inguruan gerta daitekeela.

Copia

Copia enpresa txiki bat da, baina dagoeneko jakinarazi digu berak ere zati bat nahi duela liburu elektronikoen pasteletik. Gabonak aldean, liburu irakurgailu elektroniko bat kaleratuko du, ePub formatu irekian, koloretan (Kindle, Nook eta Sony zuri-beltzean dira), beste guztiak baino merkeago, 99 dolarretan, eta, kasu, sare sozialen filosofia inkorporatuta, jendeak parteka dezan informazioa irakurritakoaren gainean.

Nook

Applek bere dendak nola, halaxe erabili nahi ditu Barnes&Noble liburu sailtzaileak bere liburu dendak, Nook irakurgailua erakusteko. B&Nk aukera eman nahi die bere bezeroei proba dezaten Nook irakurgailua, eta horretarako baliatuko ditu AEBetan dituen dendak.

Idazleen matxinada

Zenbait idazle ezagunek edo haien eskubideen oinordekoek erabaki dute zuzenean saltzea Amazonen, izkin eginda ohiko argitaratzaileei. Era horretara, Amazonek salduko ditu haien aspaldiko liburuen bertsio digitalak, 9,99 dolarretan. Random House etxeak protesta egin du, esanez, bereak direla idazle horien eskubide digitalak, baina hauek esan diote ezetz, bere garaian paperean argitaratzeko egile eskubideak soilik negoziatu zituztela.

Etorkizunean zer?

Jason Perlow adituak artikulu honetan dioenez, Apple eta Android arbel digitalek kanibalizatu egingo dute liburu elektronikoen merkatua. Bere ustez, azkenean, Amazonek eta B&Nk oparitu egingo dituzte beren irakurgailu digitalak, behin ziurtatuta berek saldutako liburuak plataforma guztietan irakurriko direla, horretarako propio sortutako softwarearen bidez.

Idazleek, bestalde, ikusi dute beste merkatu bat ireki dela, elektronikoa, eta hortik etekin handiagoak jaso ditzaketeela, liburuaren %40tik gora. Lekutan geratuko dira argitaletxeek gaur egun paperean argitaratzeagatik eskaintzen duten %10-15. Beraz, idazleek badute mugitzeko motiborik.

Eta euskal argitaletxeak? Ez badira espabilatzen, euskaraz argitaratzen duten enpresen heriotza horman idatzita egon liteke. Libranda izeneko itxuragabekeriari begira badaude, jai daukate, hortik ez baita ezer onik etorriko. Azkenean, edo argitaletxe bat sortzen da, erabat berria, euskaraz argitaratzeko sarean, edo denok amaituko dugu euskal liburuak erosten Amazon, Apple edo Googlen zerbitzuetan.

Erantzun

Sartu