Teknologia albisteak

Kontsumo arduratsuari buruzko hezitzaileentzako ikastaroa Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
Cristina Enea Fundazioa
2010-06-05 : 11:06

Ingurumen krisiak eta baliabide naturalak agortzeak arduratzen zaitu? Kontsumoa murrizteko esku artean dituzun tresnengan pentsatu al duzu inoiz? Zure bizitzeko moduak ingurumenean izan ditzakeen ondorioengan hausnartu duzu? Hori guztia barneratzeko eta ondoren irakatsi eta belaunaldi berria hezitzeko, Greenpeace erakundeak eta Donostiako Cristina Enea Fundazioak, Donostiako udalaren babesarekin, Kontsumo Arduratsuari buruzko hezitzaileentzat ikastaroa jarriko du abian uztailean, aurten ere.

Ingurumen heziketari buruzko ikastaro praktikoa da honakoa, irakasle, hezitzaile, GKE eta bestelako eragile nahiz norbanakoei zuzenduta.

Ikastaroaren helburuak dira, besteak beste, kontsumoaren, gure eguneroko ohituren eta balizko alternatiben inguruan hausnarketa kolektiborako eta elkartrukerako gune bat sortzea; baita kontsumo arduratsuaren alde tresna hezitzaileak helaraztea hezitzaileei ere.

Ikastaroaren metodologia erabat praktikoa da. Partehartzaileak euren ikaskuntza eraikitzailearen lekuko izango dira, jarduera dinamiko, partehartzaile, erreflexibo eta ludikoen bidez.

Ikastaroa uztailaren 12tik 16ra luzatuko da, goizeko 9:30etatik arratsaldeko 19:30ak arteko ordutegi trinkoan, Cristina Enean bertan (Donostian). Izena emateko epea, ekainaren 15ean amaitzen da (informazio gehiago eta izen-emateak hemen aurkituko duzue).

Egitaraua

Uztailak 12, astelehena Koordinatzaileen eta partehartzaileen aurkezpena. Izotza hausteko dinamikak. Zer dakizu zure kontsumoari buruz? Kontsumo arduratsuaren irizpideak: ekologikoa, solidarioa, etikoa, kritikoa. Kontsumoaren gizartea, globalizazioaren garaian. Produktuen bizitza-zikloa. Esperientzien merkatu-txikia. Zer egiten dugu kontsumo arduratsuaren alde?

Uztailak 13, asteartea Kontsumoaren aurrean kokatzera ausartzen gara. Kontsumoari buruzko ‘gymkhana’: kontsumo ikusezina aztertzen hirian zehar. Greenpeaceren kanpainak eta kontsumoa. Arrain eta transgenikoen merkatuak.

Uztailak 14, asteazkena Kontsumo arduratsuari begira hezitu. Komunikazio, hezkuntza eta partaidetza jardueren diseinua. Hezkuntza: jolas hezitzaileak eta kontsumo arduratsua. Komunikazioa: Kontrapublizitate tailerra Truke-azoka.

Uztailak 15, osteguna Aurreko eguneko taldelanak praktikan jartzea. Flaneur: diskurtsoak eta kontsumo arduratsuaren jarduerak aztertzeko hiritik ibilaldia. Partizipazioa: Kontsumo arduratsua sustatzeko akzio publikoak diseinatzeko tailerra.

Uztailak 16, ostirala Azken antolaketa lanak eta jarduera publiko kolektiboa egin. Ikastaroaren balorazioa eta diploma banaketa.

Jarduera hauez gain, inguruko elkarteek ere parte hartuko dute, kontsumo arduratsuaren inguruan dituzten esperientziak ezagutarazteko.

Erantzun

Sartu