Aspaldian neukan gogoa post bat idazteko jantzi hauen gainean. Bai, bai, jantziak. Zer uste zenuten, bada, ergel deitu nahi niela gudari eta mendizaleei? Ez, horixe! Dena Kaikuren kanpaina horrengatik etorri da, eta momentu egokia izan zitekeela pentsatu dut.
Hiru izen, arropa bi. Beti egon izan da nahiko nahastea izendatzean. Baina zer dira hiru izen horiek? Denok aditzeko moduan esango dut: sasoi batean txistulariek erabiltzen zituzten jakak edota jertseak.
Gudaria (edo mendigoizalea). © cc-by: Leire Narbaiza
Gaur egun oso demodé daude. Dena den, niri asko gustatzen zaizkit, beharbada umetan ez nuelako ez bata ez bestea izan. Hamasei urtean izan nintzen dantzaria (oraindik ere bihotzean dantzaria naizela esaten dut), gure poxpolin arropekin etxetik dantza egin behar genuen tokira zerbait eroan behar genuen gainetik jantzita. Taldeko askok oso kaiku politak zeuzkaten armarri, lauburu eta ponpoiekin! Nik, ostera, berokia edo jertsea jantzi behar izaten nuen! Gero, nagusiagoak egin ginean eta mutil eskasiagatik, Kaskarotak (Lapurdiko arrain-saltzaileen dantza) egitera kondenatuta geunden. Dantza horretarako arropa askoz arinagoa zen: ez galtzerdi, ez gerruntze, ez gona gorri. Berna hutsean, negu zein uda! Neguan nire hainbat taldekidek kaiku sendo eta dotorea erabiltzen zuten. Ni, beti, enbidiak jota.
Kaikuz jantzita Tafallako eguberrietan. © Tafallako Udala
Dantza taldeaz aparte, ikastetxeko nagusiak Olentzerorekin irteten ginen. Denak neskak izan arren, mutil jantzita joaten ginen: praka bakeroak edo urdinak, alkandora zuria, gudaria, koadrodun zapia saman, ardilanak eta abarkak. Oso janzkera tradizionala, horratik! Hau zergatik galdetuko duzue zuetako askok, beste sasoi bat zelako, diru gutxiago zegoelako, baita jakintza gutxiago ere. Nik ez neukan gudaririk eta lehengusu nagusiago batena erabiltzen nuen, oso zaharra eta gastatua. Hala ere, nahikotxo berotzen zuen, eta gustura erabiltzen nuen egun horretan.
Mendigoizalea (edo gudaria). © cc-by: Leire Narbaiza
Lehenago esan dut gaur egun nahiko demodé daudela jaka bi hauek. Gure ume-denboretan oso arrunta zen horrelako janzkiren bat etxean izatea. Kalean ere oihalezkoak erabiltzen zirelakoan nago, batez ere Bilbon. Edo behintzat hori da daukadan irudia: gizon bilbotar nagusia, txapel eta guzti, gudari urdina jantzita, dotore-dotore. Ez dakit, baina, zergatik laga ditugu alde batera. Euskaldunegiak direlako; baskorroegiak, alegia?
Oskorrik Datorrena datorrela diskoaren azalean atera zituen, euskal look dotorea, ironiaz betetako argazkian.
Abandonu honek beti harritu izan nau, zer geratu da bidean? Zergatik utzi ditugu armairuan sitsak jaten? Beste hainbat jantzi berreskuratu ditugu jaietarako, hauek zergatik ez?
Hiru izen eta jaka bi: oihalezkoa (koadroduna edo ez) guk beti gudari deitu izan duguna, eta puntuzkoa (urdin iluna eta gorria, ponpoiduna) kaikua. Mendigoizale, beste batzuek gudariari ematen dioten izena dela badakit. Zuenean, zelan esaten diezue? Gustuko dituzue? Zein akordu dakarkizuete? Berreskuratuko beharko genituzkeela uste duzue?
Leirek Kaiku-ren kanpaina jantziarekin lotu duen ezkero... Kaiku enpresak Chilen zabaldu zen garaian, urte gutxi direla, Euskal Herrian jantziak egiten ikasi eta bertan "kaiku=mendigoizale"ak saltzen zituen txiletar bati, pleitoa jarri zion markaren erabilera zela eta ez zela. Ez dakit zertan bukatu zen.
eskerrak euskal arropa tradizionalean leku batzuetan eboluzioa eman dela!
Kaikuak edozein egunetan erabiltzekoak badirelaren adibidea: Audience musika taldearen ikus-entzunezkotik hartutako irudian , begira zelako polita dagoen umea kaiku eta guzti...
Argazkiak.org | Audience taldearen zalea © cc-by-sa: goioarana
Oharra: bideo polit hori Bizkaian (EH) grabatuta dago, ez Boisen (AEB).
Eskerrik asko denoi. Batez ere, Oier Araolaza eta Eli Balerdiri, post-a idazten nenbilenean asko lagundu zidatelako. Dantzarien arteko elkartasuna!!
Erantzun duzunoi ere bai. Lekeitiarra izena zuei irakurri ondoren, ezaguna egin zait. Uste dut hainbat koadrotan eta arrantzaleak margotu izan dituztela horrela jantzita.
"Donde vas, Manolo? Dónde vas, Manolo?" gogorazi didazu, Blue kaiku. Sasoi batean, oihalezkoa jeltzaleekin lotzen zen. Izan liteke jantzi hauen gainbehera identifikazio honengatik izatea. Auskalo!
Markos eta Iñigo, wapo-wapo egongo zarete, seguru! Vintagea oso-oso modan dago. Ederto!!
Jostuna, Txilekoa ez zen aspaldi baten Sustatun agertu, ezagun-ezaguna egin zait.
Txapela ez nuke esango demodé dagoenik. Uste dut orain moda-modan dagoela, Txinbilo. Igual idatziko dut zer edo zer horren gainean.
Arrikitaun, oso ideia onak dauzkazu. Fitxautu egingo zaitut! Oso onak dira Xiberutar horiek, ezagutzen nituen.
Goio, nik ere nahi dut horrelako bat!!!! Nire ilobatxoarendako, sikieran! Non saltzen dituzte??
Jarraituko dugu arropa tradizionalarekin, gustuko duzue-eta!
oihalezko koadrodunari gure inguruan "lekeitiarra" esaten zitzaiola esango nuke; lauki berde eta beltzak izaten zituen.