Urtero bezala, hitzaldi zikloa antolatu du Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ('EUSKARA, BESTELA EZ GARA' izenarekin egin ohi dira). Hitzaldi guztiak 18:30ean hasiko dira Alondegiko Oxford aretoan.
Aurtengoak honako hauek izango dira:
Otsailaren 15ean, Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak izeneko ikerketako emaitza batzuen inguruen jardungo dute Ane Ortega eta Esti Amorrortuk “hiztun berrien esperientziak herri oso euskaldunetan” izeneko hitzaldian. Aipatutako ikerketak Zumaiako partaide batzuen esperientzia ere jaso du.
Otsailaren 22an, aldiz, KONPASAREN ORRATZA euskaratik zirkuluak marrazteko izenburua duen hitzaldia emango du Maialen Lujanbiok. Gizarte eta aro eleaniztun honetan, zail egiten zaigu askotan euskararen balioa eta funtzioa azaltzea, baita jokamoldea antolatzea ere. Bertsolaritzak balio ote dezake bestelako jardunentzat, gizartearentzat, hizkuntzaren gaineko politikentzat, adibide moduan? Horrelako hainbat galdera erantzungo ditu Lujanbiok bere solasaldian.
Martxoaren 1ean, Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Zumaian? galderari erantzungo dio Idoia Etxeberriak. Badihardugu elkartea Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzen ari da 101l.ahotsak.eus webgunean eta horien artean Zumaian hitz egiten direnak ere jaso ditu. Hitzaldi horretan, beraz, Zumaian egindako elkarrizketen nondik norakoak azalduko ditu: zenbat elkarrizketa egin diren, zenbat hizkuntza jaso diren... Ondoren, Zumaia eleanitza dokumental laburra ikusteko aukera ere izango da, egindako elkarrizketen emaitza azaltzen duena, alegia.
Hitzaldi zikloarekin amaitzeko, martxoaren 8an, Euskararen erabilera Zumaiako kaleetan izeneko solasaldia aurkeztuko du Belen Urangak. Azken saio honetan 2016an Zumaiako kaleetan egindako erabileraren neurketaren datuak emango ditu hizlariak. 2011n baino gehiago edo gutxiago hitz egiten da euskaraz Zumaian? Gure gazteen erabilera handitu ala murriztu egin da? Galdera horien eta beste askoren erantzunak jakin ahal izango dira azken hitzaldian.
Erantzun
Sartu