Julene Azpeitia ipuin lehiaketaren 25. urteurrena dela eta, Zumaiako Udalak urte horietan guztietan sarituak izan diren ipuinak digitalizatu eta sarean jarri ditu denen eskura. 25 urtetan 70 ipuin saritu dira, batzuk gainera idazle ezagunek idatzitakoak dira, hala nola, Hasier Etxeberria, Arantxa Iturbe, Felipe Juaristi, Edorta Jimenez, Fernando Morillo edota Jon Alonsorenak, besteak beste.
25. urteurrena ospatzeko modurik egokiena saritutako lanei ahalik eta zabalkunde handiena ematea eta erraz eskuratzeko moduan jartzea zela iritzita jarri da martxan ekimena. Izan ere, urteen poderioz ezkutuan gelditutako altxor bat zegoela jabetu da Zumaiako Udala, bere garaian argitaratu baitziren liburuak, baina gerora ez zegoelako dago horiek eskuratzeko modurik.
Beraz, ipuin guztiak hiru formatutan aurki litezke: MOBI formatuan, Kindle irakurgailuetarako, EPUB formatuan gainerako irakurgailuetarako eta PDFn inprimatu nahi izanez gero edo ordenagailuan irakurri ahal izateko. Guztiak ere zumaia.net/juleneazpeitia webgunean aurki litezke eta aukera eskaintzen da ipuin guztiak batera jaisteko ere, ZIP dokumentuen bidez.
Aurten saritutako ipuinak ere, Karmele Mitxelenaren Begiratzen ahaztuta eta Asier Osinalderen Two typical irish guys in a tavern, digitalizatuta eta sarean daude, eta datozen urteetan saritzen direnekin ere modu berean jokatzeko asmoa dago.
Erantzun
Sartu