Hiritarren artean kultura zientifikoa sustatzea eta harenganako interesa piztea ezinbestekoak dira etorkizuneko erronka eta kezka nagusiei erantzun arduratsu bat emateko. Testuinguru horretan, behar-beharrezkoa dira zientziaren dibulgazioa eta komunikazio-ekimenak. Egun, hainbat dira eremu horretan sortzen diren proiektuak eta gero eta zabalagoa da zientzia euskaraz dibulgatzen diharduten erakunde, elkarte eta norbanakoen taldea. Arlo honetan dabiltzan eragileak, egitasmoak eta ekimenak ezagutzera emateko Euskal Esperientziak Zientzia Zabalkundean (EEZZ18) jardunaldia izango da ekainaren 14an eta 15ean UPV/EHUk Donostian duen Carlos Santamaria Zentroan.
Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM-MFZ) ikerketa erakundeen eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eskutik dator Euskal Esperientziak Zientzia Zabalkundean jardunaldia.
Gure inguruan abian jarritako komunikazio-ekimenak ezagutzera emateko eta etorkizuneko erronkak aztertzeko helburuarekin antolatu da biltzarra. Besteak beste, hainbat dibulgazio-ekimen aztertuko dira, martxan jarritako proiektu berritzaileak agerian jarriko dira eta komunikabideek jokatzen duten papera ere analizatuko da. Horrez gain, zientziaren zabalkundearekin lotutako posterren saioa eta UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko Graduondoko ikasleen erakusketa bat ere egongo dira.
EEZZ18 topaketa Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaria Zentroan izango da, ekainaren 14an eta 15ean, goizeko 9:00etatik 17:00etara. 100 pertsonentzako tokia dago eta interesa duenak ekainaren 1era arte du izena emateko epea. Matrikula 50 eurotakoa da eta bi egunetan zehar banatuko den materiala, saio guztietarako sarrera, bazkariak, mokaduak eta kafea barne hartzen du.
Erantzun
Sartu