Teknologia albisteak

Aurreiritzirik gabeko lekua zientzian emakumeentzat

Asteburuan ospatu da  Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoaren Nazioarteko Eguna; otsailaren 11 izendatu du Nazio Batuen Erakundeak (NBE). Izendapen honek hainbat arrazoi ditu, izan ere, emakume gutxiagok erabaki ohi dute zientziarekin eta teknologiarekin lotutako karrerak ikastea. Eta, oro har, zientziaren munduan emakumeak ez dira ailegatzen gizonek bereganatzen dituzten hierarkia eta ardura mailetara.

Fenomeno horrek askotariko ondorioak dakartza: emakumeek proportzio apalagoa dute karrera jakin batzuetan; emakume katedradun gutxiago, ikertzaile nagusiak diren emakume gutxiago eta ikerketa zentroetako emakume zuzendari gutxiago dago; emakume gutxiagok dituzte ardura handiko lanpostuak; eta emakume gutxiagok jasotzen dituzte Nobel saria edota bestelako sari batzuk.

Emakumeei, sotilki edo ez hain sotilki, egun mugatu egiten zaie ekarpen handiak egin ahalko lituzketen postuak lortzeko aukera eta hainbat aurreiritziei egin behar diete aurre.

Otsailaren 11n, emakumeak eta neskatoak zientzian badirela eta izango direla aitortzeko “Leku hori” bideoa ekoitzi dugu. "Leku hori" salaketa egiteko lana ere bada, hain zuzen ere, baina baita gaiari optimismoz begiratzeko ere. Eta, gogoan izan, optimismo hori lortzeko, lan egin beharra dugu. Hori dela eta, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrarentzat, zientziaren arloko emakume eta neskatoen eguna izango da bai bihar, bai etzi, bai hurrengo egunetan.

Erantzun

Sartu