Teknologia albisteak

"Keinuka mugaz gaindi", haurrak protagonista crowdfunding proiektuan

Erabiltzailearen aurpegia
2013-11-06 : 11:35
Haurrak protagonista izango dituen giza-balioei buruzko filma egiteko proiektua du Kurkuluxetan elkarteak. Kubako eta Euskal Herriko haurrak agertuko dira bi herriok lotuko dituen film horretan, baina egitasmoa gauzatzeko, Goteo crowdfunding plataformaren bidez internauton laguntza biltzeko deia egin dute.
Elkartasuna, apaltasuna, laguntasuna... Gizarte honetan oso modan ez dauden balio positiboak nabarmendu nahi dituen film pedagogikoa egitea da Keinuka mugaz gaindi proiektuaren helburua.

Hurrengo hilabeteotan, Kubako eta Euskal Herriko hainbat eskolek 20 eszena baino gehiago grabatuko dituzte, hau da, eskola bakoitza beste batekin senidetuta eta parekatuta dagoenez, eskola-bikote bakoitzari giza balio konkretua egokitu zaio, eta balore hori ardatz hartuta prestatuko dute eszena. Eszena laburrak izango dira (bi minutu eta erdikoak), eta eszena bakoitzak balore bat eszenaratuko du: laguntasuna, solidaritatea, nagusiekiko errespetua, umiltasuna... Egunotan ari dira eskola bakoitzean filmatu beharreko tomak eta planoak zehazten, hemendik otsailera bitartean grabazioak egiten hasi ahal izateko.

Zehazki, Euskal Herrian urritik abenduaren amaierara arte burutuko dira grabaketak eta 2014ko urtarriletik otsailera bitartean Kuban. Geroago edizioa egingo da, eta 2014ko ekainean aurkeztuko da filma, aldi bereko jaialdi batean, Bilboko Kafe Antzokian eta Kubako Santiagoko Ciudad Escolar 26 de Julio-n, ordu berean ospatuko den ospakizun-jaian.

Baina filma gauzatu ahal izateko Kurkuluxetan elkarteak crowdfunding bidez bildu nahi du herritarron laguntza, ekimenaren gastuei aurre egiteko. Egunotan gure ekarpena egin dezakegu Goteo plataforman ezarri duten orrialdean. Bertan, egitasmoaren inguruko informazio zabala, atxikimenduak, elkartasun mezuak eta azken albisteak aurkituko ditugu. Crowdfunding ekimenaren helburua gutxienez 8.000 euro lortzea da, dagoeneko 2.150 euro bildu dira baina datozen 16 egunotan bildu behar dituzte gainerako 5.850 euroak. Denon ekarpena da garrantzitsua!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago