Teknologia albisteak

San Pedroburun (Bidegoian) indusketa arkeologikoa aurrera eramateko laguntza bila

2013-08-26 : 14:49
Bidegoiango San Pedroburuko muinoan aztarnategi arkeologikoa topatu zuten orain bi urte, Gipuzkoako erlijio guneetan eta, batez ere, eliza eta baselizetan Zehazten ZK-ko kideek aurrera daramaten ikerketa programa bati esker. Bertan, azken bi urteotan, Iromendiko San Pedro eliza zaharraren aztarnak topatu zituzten. Aurten ere ikerketarekin jarraitzeko asmoa dute baina momentuko egoera ekonomiko latza dela eta, lan arkeologikoei aurre egiteko behar den gainontzeko dirua lortzeko crowdfunding edo norbanakoen ekarpenen bidezko finantzaketa sistema erabiltzea pentsatu dute.

Aztarnategiak duen balioa eta potentziala kontuan izanik, egin beharreko jarduerak aurreko urteetakoak baino sakonagoak izango dira. Honela eliza horren barne azaleraren zati handi bat azaleratu nahi da, gizakiak bere orubea nola okupatu duen jakiteko. Bestetik, tenpluaren inguruan dauden gizakiak eginiko terrazak aztertu nahi dira, zertarako, noiz eta nola egin ziren jakite aldera. Indusketaren azken helburua aztarnategia Goi Erdi Aroko herrixka baten ondorio den jakitea da. Hala izanez gero, 1000. urtearen bueltan gizakiak Gipuzkoan era egonkorrean populatu zuen gunerik altuena izango litzateke eta, gainera, lurraldean identifikatu den lehen Erdi Aroko herri mortua.

Gipuzkoako Aldundiak egitasmo hau interesgarritzat jo du eta arkeologi jarduerak laguntzeko eskaintzen dituen diru-laguntzei esker lanak aurrera eramateko aurrekontuaren herena lortu dute. Bidegoiango Udalak ere bere laguntza eskaini die. Hala ere, lan arkeologikoei aurre egiteko behar den gainontzeko dirua erakundeetatik lortzea zaila da une hauetan. Horregatik, crowdfunding edo norbanakoen ekarpenen bidezko finantzaketa sistemara jo dute.

Hemen egitasmoaren esteka: http://www.verkami.com/locale/eu/projects/6206

Erantzun

Sartu