Teknologia albisteak

Zinak eta minak

Erabiltzailearen aurpegia
2016-09-18 : 12:49

Zinemaldi batean film pretentzioso, arraro, hanpatu eta bitxi ugari eman ohi da, ikuslea ohituta dago horretara, baina guk, halako proposamenak alde batera utzi, eta sail ofizialean txukunena iruditu zaiguna komentatuko dugu: "Eidurinn" (Zina) film islandiarra, Baltasar Kormákur-ek idatzi, zuzendu eta antzeztua.

Islandia modan bezala dago gure artean: gero eta lagun gehiago ezagutzen ditut hara oporretan joandakoak, baleazaleen sarraskia dela-eta hainbat proiektu gauzatu dira gure artean, eta Donostiako Zinemaldian pelikula aipagarriak etorri dira handik azken urteetan: hala nola Benedikt Erlingsson-en "Hross i Oss" (Zaldiez eta gizakiez), edo Runar Runarsson-en "Sparrows", iazko urrezko maskorra irabazi zuena. Kormakurren filmak ez du, haien antzera, natura basatia eta jende bakartia erretratatzen, Reikiavikeko ospitale, kale eta komisarietan gertatzen da gehienbat, eta saririk irabaziko duen ez dakigun arren, ikustea behintzat merezi du, eta horretarako ondo legoke areto komertzialetara iritsiko balitz.

Sinopsia, spoiler gehiegi egin gabe: Finnur zirujau prestigiodun eta errespetatu bat da, familia eder batez hornitua, baina bere alaba nagusia droga-trafikatzaile batekin hasten denean aldatu egingo dira gauzak. Alaba txoratuta dago trafikatzailearekin, eta hau gainera tipo gogorra da, aitaren eskari adeitsuei kasu zipitzik egiten ez diena.

Thrillerrez jantzitako drama bat da "Zina" (Hipokratesen zinari egiten dio erreferentzia izenburuak), hainbat dilema moralen aurrean jartzen gaituena; on-gaiztoen manikeismoa baino Kormakurrek nahiago du anbiguotasuna, filmaren une batean higuingarri aurkezten zaiguna errukarri izango baita beste momentu batean, edo alderantziz. Konponbiderik eman gabe, hainbat gairen inguruan pentsatzera eramaten zaitu: mendekua, indarkeria, norbere etxekoak zaintzearren noraino irits litekeen… eta hori dena, jakin-minari eusten dion intriga baten barruan. Ez da gutxi.

Argazkian, Kormakur zuzendariaren filmaren kartelaren ondoan.

Erantzun

Sartu