Bihar Intouchables frantsesak Zinemaldia lehiatik kanpo itxi aurretik, sarigai diren azken bi filmak ikusi ditugu sail ofizialean, biak ere interesgarriak baina goi mailarik lortzen ez dutenak: Mathieu Demy aktore eta zuzendari frantsesaren Americano, eta Arturo Ripstein mexikarraren Las razones del corazón.
Americano filmekoa. Promoziokoa.
Joan-etorriko bidaia bat balitz bezala, Frantziatik abiatu eta Mexikora doa lehen filma, eta bigarrenak, sinbolikoki, kontrako bidaia egiten duela esan liteke.
"Americano"n, bere bikote-bizitza apurtzekotan den gizon gazte bat (Demy zuzendariak berak jokatua), txikitatik ikusten ez zuen ama hil zaiola-eta, Kaliforniara doa, paperak argitzera eta. Umetako lanbro artetik Lola mexikarraren oroitzapena jalgiko da, eta haren bila abiatuko da, Tijuanan bizi baita, Americano izeneko klub batean stripper lanetan.
Pultsu onarekin hasten da filma, gaztearen nora eza aski fin kontatuz, baina beharbada ikusle askorentzako amu izango den Salma Hayek agertzen denean hasten da apur bat iparra galtzen (Robert Gutierrez-en From Dusk Till Dawn ez dakit omenaldi zinefiloak egiteko modukoa den). Hala ere, amaieran bere bidea aurkitzen du pertsonaiak, eta pelikula biribiltzen laguntzen du, mezu positibo hori ez da denen gustukoa izango baina.
Ripstein mexikarrak filmografia luzea du bizkar gainean, pelikula on eta ez hain onak, eta oraingoan Madame Bovaryren historia moldatzea erabaki du, egungo Mexikon girotuta, Paz Alicia Garciadiegoren gidoiarekin eta emaitza hala-moduzkoarekin.
Senarrarekin aspertuta maitale bat hartu, baina horren maitasun faltaz desesperatzen den emakumearen gaia klasiko bat da honezkero (aurtengo zinemaldian bertan Rachel Weisz rol ia berean ikusi genuen The Deep Blue Sean), eta ez dakit Ripsteinek ezer berririk ote dakarren. Lehen ordu laurdenean ikusten dugu zenbaterainoko eromen, patetismo eta umiliaziora eraman dezakeen pasioak, Aracelia Ramirezen interpretazio zirraragarrian, baina hortik aurrera zuloaren barrura sartu eta sartu besterik ez du egingo, ikusleari klaustrofobia eragiten dion ariketan (bitxia Davies-ekiko kointzidentzia, bien filmetan barnealde ilunak besterik ez baitira ikusten, Ripsteinen kasuan kolorerik gabe gainera). Psikologia klinikoko kasu patologiko baten ilustrazio indartsua da, baina film gisa luzetxoa, aukeran.
Erantzun
Sartu