Atzo goizeko 11:00 aldera hasi eta 12:45 inguru arte, eguzki eklipsea ikusi eta grabatzeko parada izan genuen. Hala eta guztiz ere, ez zen edonoren esku egon gertaera honen lekuko izatea, begiak ez mintzeko iragazkiak erabiltzea behar beharrezkoa baitzen.
Eguzki eklipsea gertatuko zela jakin bezain pronto, lagun batzuekin geratu nintzen gertaera astronomikoa grabatu ahal izateko. Nire etxeko balkoia ez dago ekialdera begira eta erabili beharreko ekipoarentzat argi indarra beharrezkoa nuen. Gainera, eguraldi pronostikoa ona zegoen iragarrita eta ezin nuen aukera hau galdu!
Kontuak horrela, ordenagailuko simulatzaile eta mugikorretako aplikazio pare bat erabiliz (Photopills, Stellarium), eklipsearen azterketa bat egin nuen gertatu aurreko egunetan: ordutegia, gertaeraren trazatua, altuera, lainoen dentsitatea... eta aurreko egunean lagunaren etxera joan nintzen ekipoa muntatu eta balkoian jartzeko lekurik egokiena aukeratzeko. Tripode motorizatu bat erabiltzen dut, lurra beraren errotazioari kontra egin eta zeruko edozein astro jarraitu ahal izateko, beraz, kokapena, angelua... aurretik fintzea ezinbestekoa zen. Ordenagailuko N.I.N.A astrografia programa eta Stellarium planetarioaren bidez, argazki sesioa prestatu nuen momentuan bertan. Hurrengo egunean ezustekorik ez nuen nahi!
Eta horrela bada, momentua iritsi zenean teleskopioa eguzkira apuntatzen jarri, argazki timelapseari martxa eman eta ordenagailuko pantailan hasi ginen eklipsea ikusten. Lehen esan dudan bezala, ezin zaio eguzkiari zuzenean begiratu begiak mindu gabe eta gutxiago teleskopio baten bidez. Derrigorrezkoa da iragazki berezi batzuk erabiltzea bizi osorako kaltea eragin ez diezaiozun begiari (itsu geratzeraino). Adibidez, Gontxa Torrek adierazi duen moduko muntaia sinpleagoak egin daitezke:
Emaitza ikusgarria izan da! 120 argazki atera ahal izan nituen lagunaren etxeko sapaian eklipsea ezkutatzen hasi zenerarte. Erabili nuen iragazkia dela eta, eguzkiaren sugarrak ez dira ageri irudian, eguzkiak igortzen duen argiaren %99a blokeatzen baitu eta fotosferako geruza da ikusten dena. Hona hemen GIF batean prozesu osoa bilduta:
Bestalde, eklipsearen puntu goreneko argazki hau ere prozesatu nuen. Bertan ikusten den kolorea ez da eguzkiak benetan duena (eguzkiak argi zuria igortzen du!), baina jendearen iruditerian hori-gorrixkara denez, lizentzia hori hartu nuen, beste astrografo askok bezala. Bertan, 2832 eta 2829 eguzki orbainak ageri dira kontraste altuagoan jarrita. Zenbakitze hau NASAko SOHO teleskopioak biltzen dituen irudietako orbainak katalogatzeko erabiltzen dute. Kuriositate moduan, orbain hauek jarraituta, eguzkiak ere errotazioa duela ikus daiteke.
Gainera, ohar moduan, Lurraren eta Jupiterren tamainak ere ikus daitezke irudian, eguzkiaren tamaina erraldoia perspektiban jartzeko. Batzuetan, eguzki orbainak berak lurraren tamaina bera baino handiagokoak izan ohi dira!
Bukatzeko esan nahi dut, eskerrak eman nahi dizkiedala Pablo eta Sareri beren etxeko atea ireki eta muntaia guzti honekin lagundu izanagatik, haiek ere badute hemen beren zatia!
Irudi hauek wikipedia commons-en argitaratu ditut CC-BY-SA lizentziapean nahi duen orok berrerabiltzeko, beti ere egilea aipatuz.
Erantzun
Sartu