Teknologia albisteak

Ornitologia eta teknologia: Txori habia bat bulegoan

Erabiltzailearen aurpegia
2018-02-26 : 15:46

Inguruan txorizale dexente ditut, urrutira joan gabe lantokian bat eta etxean bestea (aita). Duela gutxi, CodeSyntaxeko bulego ondoan jarri dugun txorientzako jantokiaren berri eman nion aitari. Nola bulegoko kristalean metakrilatozko jantegi bat itsatsita, tarteka marteka txoriak hurbiltzen zaizkigula bulegoko lehiora. Ba, komentario horren kontura, eta nonbait kaskabeltzek bikotea bilatzeko garaia denaren kontura (aitak esana), habia monitorizatu bat jartzeko ideia sortu zitzaidan. Niretzat, erronka digital modura. Eta nire aita bezalako txorizaleentzat, bada, zer ikusi gehiago izateko aukera modura.

Horretarako, Digoo markako kamara merke bat erosi nuen Amazonen bertan eta herriko txori dendan habia egiteko kaxatxoa ere bai. Kamara, barruan torloju batekin lotu eta kablea ateratzeko zuloa egin besterik ez nuen egin (aitaren laguntzarekin).

Kamara merkea eta txikia da, baina ikaragarri praktikoa. Argiaren arabera, modu infragorria ere badu gauean ikusteko eta USB kable baten bidez lortzen du beharrezko energia, beraz bateriarik ez du behar. Bideo irudia berriz, inguruan duen WIFI sare batean konektatu ostean, bertan emititzen du. Bulegoan sarea 24/7 orduan edukitzen dugunez, eta kamerak bateriarik behar ez duenez, Anaia Handia etengabe eduki dezakegu jarrita.

Bulegoaren kanpoaldean, baso alderako fatxadan silikonaz eutsiriko gako batzuk jarri, USB kable luzagailu bat gertuko entxufe batera luzatu, WIFI sarera konektatu eta listo! Bulegoan badugu dagoeneko seinalea.

(eta eguneraketa bat, badirudi txorien bisitaren bat izan dela asteburuan, geratzeko baino, hornikuntzarako dirudienez)


Sustatu.eus | txori habia kamerarekin © cc-by-sa: urtzai

Zuzeneko streaminga 24/7 ere badago dagoeneko YouTuben

(informazio gehiago Zientzia ala Fikzioa blogean)

Jatorrizkoa: Zientzia ala Fikzioa, cc-by-sa.

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago