20.000 zeldako mapa batean jokatu den inteligentzia artifizialeko (IA) 100 zibilizazioren arteko borroka baten istorioa da hau. Freeciv jokoan, hainbat nazio edo zibilizazio elkarren arteko lehia automatizatu batean jarri dituzte, eta euskaldunok (!) suertatu gara garaile. Jatorrizko artikulua, cc-by-sa lizentziarekin, Game Erauntsian.
Bada, joko honetan oinarrituz, gerra simulazio bat egin da 100 zibilizazio ezberdinetako jokalari errobotekin. Estatistiketan jokalarien puntuak, populazioa, barne produktu gordina, unitate militarrak, kolonizatutako lurraldea, lur-eremua, teknologia zenbatekoa, hiriak, kolonoak, eraikitako unitateak, korrupzioa, urrea eta eraikitako eraikin liluragarriak kontutan hartu dira erronda bakoitzean. Guztira 534 erronda simulatu dira.
Gainera, jokoaren 10 errondatik behin, pantailaren argazkia atera eta gorde dute, gerora denbora lerro bat eraikitzeko. Hau da, datuen grafikoekin batera konkista eta zibilizazioen egoerak izan duten bilakaera mapan bertan ikusteko. Hemen behean adibidez, Euskal zibilizazioaren hastapen lurraldea dago. Bertan ikus daitezke zehazki, 400. erronda inguruan zer lurralde zuen okupatua zibilizazioak.
Simulazioaren datuei helduz, hona hemen jokatu ziren 534 erronden zenbait datu:
Mapako irudi, datu eta estatistika guztiak hemen ikus ditzakezue: http://play.freeciv.org/blog/battle-of-100-freeciv-ais/
IA partida hau simulatzeko 48 ordu behar izan ziren eta 4,7GHz-tako CPUa %100an erabili zen. Jokoan saltseatu nahi duzuonontzat, Freeciv zerbitzaria (2.5.0+ bertsioa) eskuragarri dago. Garatzaileak dagoeneko beste simulazio batetan pentsatzen ari dira. Eta oraingoan 500 jokalarirekin egingo balitz? Zer gertatuko ote litzateke aliantzak simulatuz gero? Eta zibilizazioak errepublika, demokrazia (sic) edota monarkia izango balira??
Bestalde, zure abilezia proba dezakezu eta jokoko IAri erronka bota. Jokoa web nabigatzailetik hemendik jolas daiteke doainik.
Sustatu.eus | Euskal zibilizazio birtuala © cc-by-sa: urtzai
Ez al da arraroa eta berezia bestalde, euskaldunak konkistatzaile nagusi bezala irudikatzea? Esperimentu honek behintzat nire arreta bereganatu du! Eta harridura sortu dit estaturik gabeko nazioak ere zibilizazio moduan jokuan eskuragarri aurkitzeak. Jokoak honela deskribatzen du euskal nazioa:
Euskaldunak antzinako garaietatik bizi izan dira Pirineo mendebaldeko magalean. Nafarroako erresuma izan zen euskaldunen azken estatu independientea, non, Aragoiren eskuetan erori zen 16. mendean. Gaur egun Euskal Herria, Espainia eta Frantziaren arteko mugetan, zazpi probintzia historikotan zatituta dago. Beraien hizkuntzak, Euskarak, ez dauka seniderik eta bere jatorria ezezaguna da.
Ei, aurkikuntza polita izan ez dela behintzat ezidazue esan!! Mila esker Galder, joko honen berri emateagatik!
Bideojoko honetan euskal zibilizazioaren liderren aukerak tumatxa dira!! Joko honek bai merezi duela euskaratzea!! :D
Sustatu.eus | Freeciv jokoan euskaldunen liderrak © cc-by-sa: urtzai