Teknologia albisteak
1

Ibaiak zabortegi izan ez daitezen

Erabiltzailearen aurpegia
2012-10-16 : 10:38

Herritar asko eta askok gogoratuko dute, ziur asko, hain urrunekoa ez den iragan batean gure inguruko ibai eta errekek zuten itxura. Zikinkeria eta kontaminazioa oso ageriko ezaugarriak ziren gune asko eta askotan. Eta agian horregatik, uren garbitasunean emandako saltoa hain izan da handia azken urteotan, ez gara jabetzen oraindik euskal ibaiertz eta arroetan pilatzen den zabor mordoaz.



Errealitate desatsegin hortaz jabeturik sortu zen, hain justu, Urgarden kolektiboa joan den udaberrian. Neguko uholdeek utzitako ondorioak ikusita, lagun talde bat elkartu (aitzindari horiek guztiak neskak ziren) eta Gipuzkoako erreka bazter batzuk garbitzea erabaki zuten. Tokian tokiko elkarte eta herritarrekin elkarlanean, hasierako deialdi haiek parte-hartze nabarmena lortu zuten. Ordutik makina bat garbiketa antolatu dituzte Oriako eta, batez ere, Urumeako ibarretan. Aldarrikapen eta sentsibilizazio ekintza positiboak dira Urgardenenak, eta beti umorez eta alaitasunez zipriztintzen saiatzen dira beren auzolanak.

Orain arte pilatutako esperientziak garbi utzi du jende askok oraindik zabortegi moduan erabiltzen dituela gure erreka eta ibaiak. Objektu kutsagarri asko uretan pilatzen dira oraindik ere, erakunde publikoek praktika horien aurkako neurririk hartzen ez duten bitartean.

Aurreko hilabeteetako esperientziaren balioa ikusita, Urgarden taldeak berriro ere garbiketei heltzea erabaki du. Joan den hilean Zizurkilen izan ondoren, hil honen 20an Urumeara itzuliko dira. Hernaniko Osiñaga auzoan jarri dute hitzordua, bazkalosteko 15.30ean, eta Hernaniko Udalaren, herriko Gazte Asanbladaren eta Iparragirre sagardotegiaren babesa izan dute antolakuntzan. Auzolanaren ondoren sagardorik ez omen da faltako, Urgardenen ekintzek izan ohi duten elkartasun giroa sustatu asmoz.

Oraingo honetan Urumeara itzuliko dira urgardendarrak. Iaz ere bertan antolatu zituzten garbiketa gehienak, baina Orian ere barneratu izan dira. Hurrengo garbiketak, Osinagakoaren ondoren, Lasarte-Oria edo Usurbil inguruan egitea dute helburu. Zoritxarrez, baina, inguru horietan isurbide beltz ugari aurkitu dituzte aurrez egindako ikuskatzeetan. Oraindik ere ur zikinak tratatu gabe ibaira botatzen diren seinale. Eta segurtasun kontuak tarteko, ur horien iturburua argitu aurretik ezingo dute garbiketarik egin inguru horretan.

Informazio gehiago nahi izanez gero, urgardenbai.blogspot.com webgunean eguneratzen dute garbiketei buruzko informazioa.

 

Erantzunak

2012-10-17 : 11:12

Harrigarria gure ibaietan pilatzen den zabor-pila! Lan bikaina, zorionak!

Erantzun

Sartu